Lizarragako eskola itxi zela 25 urte bete direla argitaratu genuen joan zen astean. Ordutik hainbat urte pasa dira Lizarragan haur bat bera jaio gabe. Ergoienako Udalak, jaiotza-tasa sustatzeko, ibarrean erroldatutako jaio berrien gurasoei dirulaguntzak ematen dizkie aspaldidanik, eta hiru herrien artean urtero bizpahiru izaten dira ematen direnak. Eskolan ikasle izan ziren, gaur egun herrian bizi eta guraso diren Josune Andueza Osteriz eta Patxi Otamendi Goikoetxearengana jo dugu eskolaz eta herriaz hizketatzeko.
Orduko eskolaz
Lizarragako eskolan 3 urterekin sartzen ziren ikasleak eta 11 urtera arte egoten ziren. Anduezak argitu duenez, “Gero Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko 6. mailatik 8.era egitera Etxarri Aranazko eskolara joaten ginen”. Otamendik gaineratu duenez, “hainbat edadetakoak geunden, denak gela berean, banatuta, batzuk alde batera eta besteak bestera. Ez da orain bezala, bakoitza bere mailakoekin gela batean, talde bakoitza banatuta. Han denak batera geunden”. Anduezak gogoratu duenez, bera ikasten hasi zenean eskolan bi gela zeuden: “Beheitti zaharrenak egoten ziren eta, goitti, gazteenak. Zaharrak gaztelaniaz ikasten zuten. Hala egin zuten nire anaiak eta ahizpak. Baina orain 43 urte dituztenak D ereduan, euskaraz, hasi ziren”.
Gela bakar haietan zenbat ikasle egoten ziren galdetuta Otamendik 15-16 esan digu, Anduezak dozenaren bat. Eta gaineratu du: “eskola zabalik mantentzeko uste dut eskatzen zutela zazpi edo bederatzi haur egotea”. Eskolako atsedenaldia non egin eguraldiak agintzen zuen: “ona baldin bazegoen, parkean. Eta txarra baldin bazegoen frontoian”. Behin klaseak bukatuta, Otamendik esan duenez, “herrian barna jolasten ginen. Udan basoan txabolak egiten eta, horrela. Etxeko lanak bazeuden, haiek egin”. Anduezak esan duenez, “lau egurrekin” egiten zituzten txabolak. Haur guztiak batera jolastearen oroitzapena du. Baita lehen elur gehiago egiten zuela eta elurretan jolasten zirela.
Biak Etxarri Aranazko eskolan ikasten zeudela itxi zen herriko eskola. Lizarragako eskolan irakasle bakarra egoten zen. Otamendik gogoan ditu Lizarragan izandako hiru irakasleren izenak: “Iñaki, Camino Mendiluze eta, egon zen azkena, Agurtzane Atxa; nire anaia gazteagoarekin-eta ibili zen”. Anduezak zehaztu duenez, “urte gehien egon zena, lauzpabost urte Atxa izan zen. Urdindarra, baina Iruñean bizi zena. Urdiainera bazkaltzera joaten zen. Bera zegoen irakasle eskola itxi zenean”.
Eta gogoan du ere ikasturtetik ikasturtera irakasleak aldatzen zituztela. Horregatik, Anduezak gaineratu du irakasle asko izan zirela Lizarragatik pasa zirenak. “Bitarteko irakasleak-edo izanen ziren eta urtero bat etortzen zen. Ez ziren Lizarragan bizi, joan-etorrian ibiltzen ziren nire garaian behintzat”. Bera hasi zenean gaztelaniazko eta euskarazko irakasleak zeuden, baina euskarazkoa gelditu zen bakarrik. Lizarragako aldia bukatuta Etxarrira autobusez joaten ziren biak. Otamendik azaldu zigunez, “autobusa hartzen genuen 09:00ak aldera eta 16:30ean etortzen ginen. Jangelan gelditzen ginen”.
Duela hiru hamarkadako Lizarraga hartan haurrek bazuten goxokiak eta bestelakoak erosteko aukera. Anduezak eman digu horren berri: “eskola ondoan Mariak denda zeukan. Ez dakit noiz itxi zen, baina orain dela gutxi. Estankoa esaten genioena ere bazegoen, taberna zen eta litxarreriak ere bazituen. Portupe taberna. Eskolastikak ere denda zeukan, eta han ere litxarreriak egoten ziren. Beranduago Txominek harategia zabaldu zuen. Orain baino zerbitzu gehiago zeuden”.
Seme-alabak
Batak eta besteak seme-alabak dituzte, “eta txikitatik autobusez joaten dira klasera”. Otamendik azaldu duenez, “autobusean joaten dira eta, gu bezala, jantokian gelditzen dira. Orain jardunaldi jarraitua dute eta 15:00etan etortzen dira etxera. Beste urte batzuetan 17:00ak aldera”. Anduezaren zaharrena institutuan dago, “07:40an hartzen du autobusa eta, besteak, 08:20 aldera. Eta gero buelta 14:45ean eta 15:15ean. Bazkaltzeko nahikoa berandu”.
Etxeratu eta bazkaldu ondoren haien seme-alabek zer egiten duten galdetuta, Otamendik esan digunez, “etxeko lanak badituzte, badakite gure etxean lehenengo horiek egin behar dituztela, eta gero izanen dutela denbora jolasteko, edo nahi dutena egiteko”. Gaineratu duenez, “egunaren arabera eskolaz kanpoko jarduerak dituzte, eta Etxarrira joaten gara.” Anduezak Arbizu ere aipatu du.
Amak gaineratu duenez, seme-alabak “beraien lagunekin, gehienetan, Etxarrin gelditzen dira. Hemen ez dago haur askorik eta gehienetan… Lehen kintak handiagoak ginen. Baina orain bizpahiru dira. Eta kintaren batean bakarra dago agian”. Aitak, berriz, esan duenez, bere semeak Lizarragan gelditzen dira. “ Gure hirurak eta bat gehiago daude. Gazteagoa da, baina arratsaldeetan elkartzen dira. Asteburuetan kanpoko jendea etortzen da. Baina astez, gutxi, nire hirurak eta beste bat”.
Etxeko lanak egiteko gero eta beharrezkoagoa da Internet. Anduezak azaldu digu lehen Movistarren zerbitzua kontratatua zuela. “Baina nahiko gaizki ibiltzen zen, seinalea ez zelako oso ongi iristen. Askotan gelditzen zen. Etxeko lanak egiten edo bideo bat jaisten hasten ziren eta mozturik gelditzen zen. Ezin genuen ez ikusi ez ezer egin”. Gaur egun Lizarragako etxe gehienetan Sisnet dute. Anduezak azaldu duenez, “herri txikietan eta mendi lekuetan asko erabiltzen da. Antena paraboliko moduko bat, txikiagoa da, jarrita daukagu. Errepikagailua Artxuetan jarrita dago eta, orain, nahiko ongi ibiltzen da Internet”.
Konfinamenduan Internet sareak proba latza pasa zuen. Orduan zer moduzko zerbitzua izan zuten galdetuta Anduezak jakinarazi duenez, “arazo bakarra egun batean egon zen. Ez dakit jende asko zegoelako konektatuta, haizea egon zelako edo zerbait, goiz batean ez zen oso ongi ibili. Baina arratsaldean arazoa konponduta zegoen”. Otamendik esan duenez, “konfinamenduarekin ez dugu horrelako problema handirik izan, baina jaitsi behar zenuen dokumentuaren arabera ikusten zen justu xamar gelditzen zela. Bestela nahiko ongi. Badakit udala begiratzen ari dela beste moduren batera ADSL edo zerbait sartzeko. Bestela, esandakoa, ez da oso azkarra, baina…”
Gurasoek Lizarragan goxokiak eta beste erosteko aukera izan zuten. Seme-alabek? “Orain Bargazpin zer edo zer badago, gauza handirik ez baina, beno. Elkartean pipak, patatak eta zerbait gehiago egoten da”, jakinarazi du Anduezak. Hala berretsi du Otamendik, gogoraraziz gaur egun herrian dendarik ez dagoela. Farmazia da salbuespena. Bestela, gaineratu duenez, “jendearekin egon nahi baduzu, tabernara. Aparte, Angarte elkartea eta Aziturri elkartea. Baina orain COVID-19arkein itxita daude”. Haurrak jolas parkean eta herri guztia eskola zenari itsatsia dagoen Jai Alai frontoian aritu daitezke. Jakina, nahi beste mendi dute lizerratarrek.
Lizarragako eskola zena.
Lizarragaz
Biek ala biek herriaren etorkizunarekin kezka dute. Anduezak esan duenez, “pixka bat txarra da. Herriko bataz besteko adina nahiko altua izanen da, agian, 70 urte inguru. Edadekoa asko dago eta gaztea, gutxi”. Otamendik berretsi egin du: “ikusten da jendea zahartzen ari dela eta jende gaztea ez dela etortzen”. Hala ere, jakinarazi duenez, lau bikote gazte herrian bizitzen gelditu dira. “Nik hiru seme ditut, eta besteek bina. Orain haurrak badaude. Gu kenduta, urte batzuk ematen ditugu herrian jende berria sartu ez dena. Etorri diren kanpotarrak asteburuak pasatzera etortzen dira. Baina astez… Hemen falta dena jendea bizitzera etortzea da. Esaterako, etorri bikote bat edo jende gaztea seme-alabekin… Herrian gaztetasuna behar da. Bestela, jende zaharrarekin, badakizu”. Anduezak azaldu duenez, bikote batzuek etxea erosi dute, “baina, momentuz, asteburua pasatzera etortzen dira. Etorriko balira, askoz hobe, seme dexente dituztelako”.
Etxebizitzaren gaiari erreparatu dio Anduezak: “jendeak etxea egiteko lurrik ez du. Saltzeko ere etxe gutxi daude. Eta, azkenean, jendea beste herrietara joaten da. Etxeak konpontzeko ere dirua behar da. Eta pisuak erosteko”. Gaineratu duenez, “zuk etxe zahar bat baldin baduzu uste duzu urre pixka bat daukazula. Baina ez du ezer balio. Eta lursailak diru gutxian saltzeak ez dizu ezer konpontzen. Eta etxe bat egiteko erosi nahi duenak terrenoa garesti erosiz gero, ia zenbat pagatu behar duzun etxe bat egitea…eta horrela dago egoera. Batek garesti saldu nahi du eta besteak merke erosi. Eta, azkenean, ez da ezer saltzen”.
Otamendik azaldu duenez, “etxeren bat saltzeko dago. Ez dakit zenbat eskatuko duten. Edo herrira etortzeko asko balio du. Kontzejuak saltzeko partzela bat du. Nik, esaterako, kontzejuak saltzeko zuen partzela bat erosi eta han bizi gara. Beste partzela bat saltzeko dute. Jendeak galdetu du, baina hor dago”.
Anduezak mugikortasunari ere heldu dio: “Lizarragan bizi baldin bazara autoa, bai edo bai, behar duzu. Etxarrin edo Altsasun bizi bazara, autoa mugitu gabe zerbitzu gehiago dauzkazu”. Seme-alabak eskolaz kanpoko jardueretara eta bestelakoetara autoz jaisten ditu. “Lehen, gu joaten ginenean, Portupeko atarira ateratzen ginen eta ia autoren bat etortzen zen eta Etxarrira jaisten ginen. Gero Ronkon etxean gelditzen ginen eta, normalean, norbait pasatzen zen. Baina, orain, autobiarekin jende asko ez da Etxarriko bidegurutzetik pasatzen”.
La Estellesa autobus konpainiak ere Lizarragatik eta Etxarri Aranaztik pasatzeari utzi zion. Hark ematen zuen zerbitzuaren adibide gisa bere aldamenekoena jarri du Anduezak: “Ordizian bizi dira eta anaia bat zuten hemen eta egunero etortzen ziren. Lau ahizpa ziren eta anaiari kasu egitera etortzen ziren, hilabetero bat. Estellesan goizean etorri eta arratsaldean joaten ziren. 09:00ak aldera etortzen zen eta, gero, 17:00ak aldera pasatzen zen”. Galdutako beste zerbitzu bat. Gaur egun dagoen autobus zerbitzu bakarra Ergoienako Udalak jarritakoa da, asteazkenero ibarra eta Altsasuko azoka lotzen dituena.
Etorkizunaz
Badira boladan izaten diren hitzak eta horietako bat gaur egun despopulazio hitza da. Hori entzutean burura zer etortzen zaien galdetuta, Anduezak esan digunez, “Lizarraga despopulatzea urte dexentetara gertatuko litzateke. Ez litzaidake asko gustatuko hori gertatzea”. Otamendik lehen esandakoa errepikatu du, “ni baino pixka bat zaharragoak joan ziren moduan, nire kintakoak asko gelditu gara. Eta gazte batzuk badute asmoa gelditzeko. Gero beste gauza bat da ia ahal duten…”
Anduezak aitortu duenez, “tabernarekin, orain, mugimendu handia dago. Nabari da jendea ibiltzen dela. Oraingoz, momentuz, gerra pixka bat emanen dugu”. Otamendik hari horri helduz: “taberna kenduta, medikua ere igotzen da. Baina gainontzeko gauzak, haurrekin, esaterako, eskolaz kanpoko jarduerak-eta, dena Etxarrira jaisten gara. Gertu daukagu. Baina, herrian ikusten dena da jende berria sartzen ez bada, gero eta gehiago etxeak ixten ari dira. Ez dakit zehazki zenbat gauden. Jende zaharra hil da eta bere seme-alabak, esaterako, Iruñean bizi badira, ez dira herrira bueltatzen”.
Eta mugikortasunaren gaiari heldu dio: “lehen beste modu batera zen. Esate baterako, Iruñera lanera joaten zena, etxea erosi eta han gelditzen zen. Agian asteburuan bueltatzen zen, baina… Nik kanpoan lan egiten dut, gaur Donostian, nola Bilbon edo Gasteizen. Egunero etortzen naiz etxera. Orain autobia egonda gertuago. Lehen, behar bada, zailtasun gehiago egonen ziren Iruñera joateko. Urrutiago bezala egiten zen. Leku berdinean daude hiriak baina bertan zaudenaren sentsazioa ematen du orain”.
Hamar urte barru herria nola ikusten duten galdetuta, Anduezak: “asteburuetan oso beteta, baina jende zahar asko dagoenez, hamar urtetara despopulatuta. Asko gainera. Orain ez dakit zenbat garen, 180 bat. Hamar urte barru 120, gutxi gorabehera”. Otamendik ere antzeko pentsatzen du: “handitu beharrean txikitu eginen da. Gaudenak hemen egonen gara. Baina jende gazterik etortzen ez bada egunetik egunera jende gutxiago herrian”.
Eskola zenak andreendako ikastaroak-eta hartzen ditu gaur egun. Anduezak jakinarazi digunez, “haurrendako lokal bat egin genuen, nahiko gela ona delako, berogailua eta beste ditu. Nire seme-alabak txikiak zirenean prestatu genuen. Lehen, txikiak zirela, dexente egoten ginen. Baina gehienak koxkortu dira, eta ez gara elkartzen. Eskolaz kanpoko jarduerak direla-eta, hainbat ordutegi dituzte eta han egoteko ez dira asko elkartzen. Herriak duen lokal bat da, baina ez da asko erabiltzen; hitzaldiren bat, bideo emanaldiren bat… Baina gutxitan zabaltzen da”.
Ez batak ez besteak ez dute uste Lizarragako eskola atzera ere zabalduko denik. Otamendiren iritziz, “Etxarrikoa egonda, ez. Nahikoa lan dugu Etxarrin beste irakasle bat lortu eta gela bat bitan banatzeko. Horretarako arazoa badago, Lizarragan eskola zabaltzeko moduan…” Eta Andueza zalantzati: “nik ez dakit eskola berriro zabaltzea nahiko nukeen. Gu haur gutxi ginen eta ongi konpontzen ginen. Erlazioak mantentzeko ikusten dut agian hobe dela gelak handiagoak izatea. Bere gauza onak eta txarrak ditu. Ez dakit. Oso zaila da eskola berriro zabaltzea. Oraingo lokalak ez dakit baldintzak beteko lituzkeen”.
Populazioaren garapena | |
Urtea | Biztanleria |
1999 | 224 |
2004 | 212 |
2009 | 212 |
2014 | 194 |
2019 | 172 |