"Ez da galtzen. Hori esaten da bizi osorako dela. Sentimendu bat da. Gauza askotan intsumiso sentitzen zara. Inposatuta etortzen diren gauzen kontra borrokatzen dugu". Mañu Navarro Altsasun bizi den lizarragatarra intsumiso izan zen. Eta da. 1993 eta 1994 urteen artean preso izan zen, Iruñeko kartzelan, Sakanako hainbat intsumisorekin batera. "Lagun talde bat sartu ginen, talde bezala, eta horrek babestu gintuen kartzelaren sistema zapaltzaile horretatik".
Haien delitua derrigorrezko soldaduska egin nahi ez izatea izan zen. "Nik oso argi neukan soldaduska ez nuela egin behar". Mutiko gazteak, urte batez, "eta hori gure garaian, aurretik urte eta erdi eta bi urte ere pasatzen zituzten soldaduskan", etxera bila joan eta "hiltzen ikastera" Cadizera edo Ferrolera eramaten zituzten. Soldaduskak arazo asko sortu zituela azaldu du Navarrok: "Herrietan entzuten zen: Mutiko hau oso jatorra zen, soldaduskara joan, eta makurtu zen. Badago jendea oso gaizki pasa duena, depresioarekin egon dena eta bere buruaz beste egin zuena ere". Intsumisioaren mugimendua soldaduskaren desagerpenaren alde borrokatu zen. Sakanan mugimendu indartsua izan zen: "Beti egon da soldaduskaren aurkako pentsamendua. Nik behintzat gaztetan horrela nabaritu nuen".
Zor historikoa
Lander Garro ere intsumisoa izan zen. Gaur egun kazetaria, idazlea eta dokumentalista da, eta intsumisioaren mugimenduaren garaiak gogoratzen dituen Bi urte, lau hilabete eta egun bat kaleratu du. Atzo, gaur eta igandean Iortia kultur gunean proiektatutako dute, eta dagoeneko hiru emanaldietarako sarrerak agortu dira. Arrakastatsua izaten ari da dokumentala. "Ezustean harrapatu gaitu. Alde batetik dago zer egiten duzun zuk eta, beste aldetik, transmisioa nola egiten duzun", azaldu du Garrok.
2012. urtean Iruñeko kartzela zaharra eraitsi zuten, eta beste bat eraiki zuten. Gertaera horrek dokumentala orain egitearekin zerikusia izan duela esan du Garrok: "Eraitsi zuten egunean hainbat intsumiso, haien artean Gaizka Aranguren, kartzelara sartu ziren eta beraien burua filmatu zuten bakoitza egondako ziegan". Haien ziega izandakoa gogoratzen zuten, eta sentsazioak askotarikoak izan ziren, "alde batetik, malenkonia. Zu bertan bizi izan zara, kartzela horretan, eta beste alde batetik, preso egon zara, ziega itxi batean izan zaituzte, gatibu izan zara". Kartzela lurralde arrotza bihurtzen da. "Irudi horiek emozionalki oso konplexuak eta, aldi berean, ederrak ziren". Kartzela zegoen tokian plaza bat eraiki zuten, eta Intsumisioaren plaza izendatu zuten.
Urte batzuk geroago Arangurenek irudiak erakutsi zizkion eta "intsumisioaren eta kartzelaren historiaren inguruko" zerbait egin zezaketen galdetu zion. "Baietz esan nion. Ideia ona zen eta material ona ikusten nuen". 2020. urtean Lau urte, bi hilabete eta egun bat dokumentala mustu dute, Aranguren ekoizlea eta protagonistetako bat dela. "Euskal jendarteak eta, bereziki, euskal zinemak zor historiko bat zuen intsumisioaren mugimenduarekin".
Sei dira dokumentalaren protagonistak: Gaizka Aranguren, Fernan Mendiola, Juan Kruz Lakasta, Iñigo Balbas, Jaxin G. Viniegra eta Tonino Carotone. Gaur egun, kazetariak, historialariak, suhitzaileak eta musikariak dira. "Protagonistak emanak etorri ziren. Haiek sartu ziren kartzelan egun horretan". Baina hortik abiatuta intsumisioaren mugimenduaren barruan egondako beste hainbat istorio kontatzen dira, "puzzlea osatuz". Esaterako, Pepe Beunza Valentzian izan zen Espainiako Estatuko lehenengo kontzientzia eragozlea ateratzen da, Bilboko MOC Movimiento de Objeción de Conciencia taldeko Mabel Cañada edo Conchita Beitia frankismoaren garaiko intsumisoa eta bere semea soldaduskaren kontrako intsumisoa izandakoa. "Ikuspegi asko ematen dira: zer zen intsumisioa, zer aurpegi zituen, mugimendua zein anitza zen, feminismoa…". Intsumisioa ulertarazteko dokumental bat da.
"Guk esaten dugun bezala, Iruñekoek egiteko, ez dago gaizki". Navarrok dagoeneko filma ikusi du eta ikustaldia "polita izan zela" esan du. Intsumisioaren mugimenduaren historia kontatzen du, "ahal duena kontatzen du. Niretako gauza batzuek garrantzia gehiago izan dezakete eta beste batzuek gutxiago, baina film batean ahal dena ateratzen da". Laburpen polita egiten du.
Errealitatea
Intsumisioaren mugimendua oso jendetsua eta denboran oso luzea izan zen. "Denbora asko iraun zuen eta gertakari handiak sortu zituen bere inguruan". Garrok azaldu duenez. "Hemen Sakanan beti egon da soldaduskaren aurkako pentsamendua. Nik, behintzat, gaztetan horrela nabaritu nuen". Are nabariagoa zen, "gertu tokatzen zaizuenean", Navarrok azaldu bezala. "1980ko hamarkadan kontzientzia eragozle asko zeuden. Orduan, soldaduskara joan nahi ez zutenei beste aukera bat ematen zitzaien, PSS Prestación Social Sustitutoria deitutakoa". Ondoren, legea aldatu zuten eta PSS delakoa ez egiteagatik edo intsumiso izateagatik kartzela zigorra ezarri zieten. "Gu mugimenduan sartu ginen 1990ko hamarkadan".
Unibertsitatean ikasten ari zela sartu zen intsumiso Navarro. "Nik argi nuen intsumiso izan behar ginela, nire kasuan, ez nintzela soldaduskara joan behar; argi eta garbi. Lizarragakoa naiz eta soldaduska egin zuen azken mutikoa uste dut nire kinto bat izan zela 1990eko hamarkadan". Lizarragako hiru intsumiso egon ziren Iruñeko kartzelan elkarrekin, eta 1990eko hamarkadaren bukaeran intsumiso izateagatik kartzelako zigorra kendu zuten eta "administrazio zigorra" jarri zuten, eta Lizarragako azken intsumisoa, Lope, horrela izan zen zigortua.
Intsumisioaren mugimenduaren barruan "hainbat korronte" zeuden, ideologia, pentsamendu eta talde desberdinak. Baina denak helburu komun batengatik batzen ziren. "Guztiok nahi genuen soldaduska kentzea, baina baziren pazifistak zirenak, beste batzuk bandera batekin ez baina beste batekin bai, beste batzuk anarkistak ziren, besteak punkiak…". Sakanako intsumisoak talde batean bildu ziren, SAT edo Sakanako Talde Antimilitarista, "Sakanikolak" deitzen zieten kartzelan, zerbait "berezia" zutelako. "Bazegoen mutiko bat, Txofo, eragozlea zena eta berak lan handia egiten zuen. Gure atzetik egoten zen beti laguntzen". Salhaketa elkartearekin ere elkarlanean aritu ziren, eta kartzelara joateko "prestatu" zituen. "Mugimenduari indarra kentzeko bigarren gradutik kendu eta zuzenean hirugarren gradura pasatzen ginen, hau da, kartzelara lo egitera joan behar ginen bakarrik". Horren aurka zeunden: "Soldaduskaren eta ejertzitoaren aurka geunden, eta horren guztiaren aurka".
San Klemente ospakizunaren harira Antsoaingo kuarteleko sarreretan kateatu ziren, "gu atxilotzeko". Egun pare bat kartzelan pasatu zituzten eta gero hirugarren gradura pasatzen zituzten, "baina gure helburua uko egitea zen". 1993. urteko azaroan kartzelan sartu zen, eta 1994. urteko Altsasuko ferietako bezperan atera zen, jartzen zizkieten parteengatik. "Ia urte bat egon nintzen, urte bateko kondena ia osorik bete nuen". Kartzela "beste mundu bat dela" esan du Navarrok. "Haiek zu pertsona bezala zapaltzeko daude. Beste sistema bat da. Ez da batere atsegina". Bi aldiz zinpeko izatea egokitu zaio, "eta argi esan nuen nik ez nuela inor kartzelara eramango. Ez nuen nire kontzientzian hori izan nahi". Hori esateagatik fiskalak epaimahaitik kendu zuen, eta bigarren epaiketa batean abokatua ezagutzen zuen: "Iñaki Zubiza gure abokatua izan zela esan nuen, eta handik ere kendu ninduten".
Dokumentalean kartzelaren eta dispertsioaren gaia ez dela asko ateratzen aipatu du Navarrok. "Eta kartzelako borroka; gu ere han asko borrokatu ginen". Espetxean pasatako denbora ongi aprobetxatu zutela esan du: "Agenda inoiz baino beteago izaten genuen. Prentsa irakurtzen genuen, kirol asko egiten genuen, gutun pila bat jasotzen genituen…". Ez ziren gelditu. Barruan jendea nola tratatzen zuten ikusita, haren kontra ere borrokatzen ziren, eta "beraiek haien armak erabiltzen zituzten parteak eta parteak jarriz". Ondoren, estatuko hainbat kartzelatan sakabanatu zituzten. "Oraindik, gaur egun, jarraitzen du". Familiarendako sufrimendua dela gaineratu du Navarrok.
"Intsumiso ez ginen bakarrik gu, intsumiso familia, lagunak, kuadrilla, neska lagunak… denok ginen". Mobilizazioak izugarriak izaten ziren. "Espetxean geundenean manifestazio jendetsuak egin ziren Iruñean, Etxarri Aranatzen…". Kartzelatik ere txupinazoak entzuten zituzten Altsasuko, Etxarri Aranazko zein beste herritako festetan. Navarrok kontatu duenez, Bi urte, lau hilabete eta egun bat dokumentalaren espetxearen kanpoaldean egin zen kontzentrazio bateko pankarta "Lizarragako hiru edo lau neska" agertzen dira. Gizartean zegoen mugimendu bat zen.
Dokumentala mustu zuenetik Garro Euskal Herriko txoko askotan egon da, eta "gauza polit bat geratzen zaigu. Joaten garen herrietan jende asko ezagutzen dugu beraien istorioekin". Bakoitzak intsumisioari lotutako istorio bat dauka; kartzelan egon zena: "Bera, bere anaia, bere lehengusua, aita edo mutil laguna…". Oso ongi pasa zutela aipatzen dute. "Nik uste jendeak intsumisoaren gaia samurtasun eta nostalgia handiarekin bizi duela". Jende askok negar egiten duela aipatu du, barre ere egiten dute. "Esperientzia oso polita izaten ari da".
Amaiera
Derrigorrezko soldaduska 2001. urtean kendu zuen Jose Maria Aznarren gobernuak. "Intsumisioaren borrokak oso amaiera gazi gozoa izan zuen". Alde batetik, "ederra" izan zela aitortu du Garrok, soldaduska kendu zutelako, baina, beste aldetik, "Aznarren gobernuak kendu zuen". Amaiera iritsi zenean "zorion handia" hedatu zen, baina era berean, "nola ospatuko dugu Aznarren gobernuak egin duen zerbait? Intsumisioak lasterketa luze-luzea egin zuen, maratoia, eta azken 50 metroetan beste batek esan zigun: lasai, nik hartuko dut. Eta helmugan sartu zen". Euskaldunek indarren arteko sinergia handiko eta jende desberdina elkartuz mugimendu bat sortzea lortu zutela aipatu du Garrok, "irakaspen handiak uzten dizkigunak eta oroitua izatea merezi duena". Ikaspen horretatik gauza gehiago etorri daitezkeela uste du dokumentalistak.
"Eskakizun nagusia soldaduska kentzea zen, eta soldaduska kendu zutenez, garaipen bat bezala hartu zen". Baina denborarekin hustu zela azaldu du Navarrok, "esaten dute ez genuela ospatu, eta orain, denborarekin, kanpora ateratzen ari da". Gertatu zena gertatu zela jakinda ere "berriro egingo nuke, zalantzarik gabe". Argi zeukan ez zela inor hiltzera ikastera inora joango. "Eta oso harro nago". Nahiz eta derrigorrezko soldaduska kendu zuten, ejertzitoak hor jarraitzen duela aipatu du Navarrok, "eta oso gertu izan dugu beti". Txikia zenean Andian maniobrak egiten ikusten zituela aipatu du. Behin baso batean ere bonba bat ikusi zuen, "oraindik hor jarraituko du".
Oso mediatikoa
1990. hamarkadan ez zegoen gaur egun dagoen teknologia, baina garai horretan bideogintza jendearen eskura zegoela esan du Garrok. Hortaz, "kuadrilla guztietan bazegoen beti norbait kamerarekin joaten zena dena grabatzen". Joxe Lacalle "handiaren" argazkiak daude ere, orain Si te mandan una carta liburua kaleratu du. "Komunikabideen material guztia ere badago". Ekintza ikusgarriak egiten zituztela esan dute bai Garrok bai Navarrok. Dokumentala sortzeko sei protagonistekin grabatutako zatia dago, baita dokumentazioaren lan guztia ere. "Hori da gehien kostatu zaiguna".
Nafarroako Memoriarako Institutuak kontzientzia eragozpena eta intsumisioak Nafarroan izandako ibilbidea eta bake kulturaren zabalkundean egindako ekarpena dokumentu funts batean jasoko dute. Intsumiso izateagatik Iruñeko kartzelan preso egondako Pedro Oliver da Kartzelen eta Zigor Erakundeen Historiaren ikerketa taldeko koordinatzailea. Oliverrek espetxean SAT-eko kideak ezagutu zituen, eta haien artxibo pertsonaletan arakatzeko eta elkarrizketak egiteko eskatu zien.