Putre saldoak bi ardi hil zituen

Guaixe 2021ko api. 28a, 09:22

Utzuarko larrean putre saldoa elkartu zen. Argazkia: Oier Berastegi.

Gainera, makina bat ardi zauritu zituzten.

“Hori hondatzea! Sekula halakorik!” Nafarroako Gobernuko basozain baten esanak dira horiek, putre saldo batek Jon Ruiz lizerratarraren artaldea eraso ondoren. Bi ardi hiltzeaz aparte (begiak eta ipurdi aldea janik zuten), makina bat ardi zauritu zituzten, guztiei ipurdian zauriak eginez. Utzuar dermiora albaitaria ere joan zen, ardiak sendatzera. Saien erasoren berri eman zuten ofizialki ere, abeltzainak segurutik kobratu ahal izateko. 

Eta putre saldoak ez zituen ardi gehiago akabatu Lizarragara joaten zen Oier Berastegi Fernandez de Garaialde Lazkanok esku hartu zuelako. Hilaren 16ko 13:15 aldera sai batzuk hegan ikusi zituen Utzuar aldean eta susmo txarra hartu zuen. Hara joan eta “300 bat putre egonen ziren. Putreak ardien atzetik korrika ari ziren. Nabari zen artaldearen atzetik gora eta behera ibiliak zirela, nekatzeko eta txarrantxan kontra jartzeko”. Egoera ikusita 112ra hots egin zuen Berastegik. Gainera, putre saldoa uxatzen saiatu zen, “baina ez ziren joaten, 5-6 metro mugitzen ziren, eta gero buelta egiten zuten. Gu joanez gero artaldea berriro erasoko zuten”. Izan ere, basozainak iritsi zirenean larrearen beheko partean zeuden saiak oraindik. 

Erlazionatuak