Internet loturarekin bueltaka

Guaixe 2021ko api. 28a, 10:39
Lizarragako ikuspegia Unanurako bidetik. Artxiboa.

Kontzejuko eta udaleko ordezkariak Nafarroako Gobernuarekin bilduko dira gaur.

Lizarragan Internet konexioa Sisnet bidez iristen da. Artxuetan dagoen errepikagailu batek bidalitako seinalea jasotzeko etxeetan antena parabolikoak baino pixka bat txikiagoa den tresna dute etxeetan jarrita eta horrekin moldatzen dira. Zerbitzu egonkorra ematen du, baina ez da oso azkarra. Horregatik, Lizarragako Kontzejua herriaren Internet lotura hobetzeko aukerak aztertzen ari da. Eta, horregatik, Nafarroako Gobernuko Eraldaketa Digitalerako Zuzendaritza Nagusiko ordezkariekin bideo bilera eginen dute gaur. 

Emeterio Senar Elso Ergoienako alkateak ere parte hartuko du bertan. Izan ere, ibarreko udaletxea Lizarragako Intxorreta kalean dago eta Internet sarearekin arazoak dituztela azaldu du alkateak: “langileak lanak ezin egin dabiltza. Azkartasunik ez du sareak.  Sinteletik diote ordenagailuaren kontua dela, baina berriak dira”. Alkateak azaldu duenez, Unanun eta Dorraon zuntza sartuta dute eta halako arazorik ez dute.