Joan dira sanklementeak

Guaixe 2021ko aza. 26a, 11:11

Lizerratarrek udazkeneko festak ospatu dituzte asteburuan.

Lizarragak jende ugari hartu du asteburuan Sanklementeak direla eta. Ingurutako jende asko elkartu zen ostiralean, tripoteuak erakarrita. Azkar asko despeditu zituzten Txominek prestatutako 146 kilo tripota. Ondorengo herri afariak parranda ordu txikitaraino luzatzeko bidea eman zuen. Larunbatean  Lizarraga Kantuz mustu zen jendaurrean, auzoan egindako auzatean lehenik, kalez kaleko kantuan ondoren. Larunbateko herri afarian 170 pertsona elkartu ziren. Gaueko dantzaldiak festarako doinuak jarri zituen. 

Igandean, berriz, 2019tik egiten duten moduan, 80 urte bete dituzten lizerratarrak omendu zituzten. Pandemiarekin etena izan zenez, aurten 1940an eta 1941ean jaiotakoen txanda izan zen. 81 urterekin festetako ttattarra jaso zuten Jose Mari Navarro Bonok (Agernekua etxekoa), Mª Dolores Larraza (Luziona) eta Mª Jesus Urrestarazu (Martijuakinena). Eta 80 urterekin ttattarra jaso zuen Jose Navarrok (Otxalinena). Arratsaldean mus txapelketako finala jokatu zen eta irabazleak Jaione Andueza eta Julen Goikoetxea izan ziren. Txapeldunordeak Eneko Etxarri eta Jon Navarro izan ziren. 

San Klemente egunarekin, asteartean, 13:00etan meza izan zen. Eta, ondoren, herriko jubilatuak Bargazpi tabernan elkartu ziren bazkaltzera. 

Erlazionatuak

Festen azken eguna

Guaixe 2021 aza 23 Lizarraga