Koadrilak dagoeneko beraien mozorroei azken ukituak ematen ariko dira, larunbatean behar bezala luzitzeko. Izan ere, Lizarraga ihote ospakizunen atarian dago. Intxorreta kalean, Ergoienako udaletxe ondoan jarri dute hitzordua lizerratar mozorrotuendako larunbat eguerdian. Handik herrian barna ibiliko den kalejira koloretsu bat abiatuko da. Herriko kaleetan barnako bidea Azi Iturri elkartean despedituko dute, 14:30 alderako zuzendaritzako kideek bazkari ederra prest izanen baitute.
Majo bazkaldu ondoren, lizerratar mozorrotuak, atzera ere, kalez kale ibiliko dira. Baina arratsaldean puska biltza eginen dute. Garai batean eskatzen zen moduan, “iyotetako urdei puxkat” eskatuko dute; txistorrak, arrautzak eta dirua ere jasoko dute erronda horretan. Eta guztiarekin mozorrotuen afaria prestatuko dute.