Sanmigeldarrek bere eguna ospatu zuten

Guaixe 2022ko urr. 5a, 09:29

Lizarragako sanmigeldarren talde argazkia. UTZITAKOA

Hildako kofradeen aldeko meza egin zuten, herriari auzatea eskaini eta kontuak eguneratu eta ardurak berritu ondoren, majo bazkaldu zuten San  Migel kofradiako kideek. 

Iraileko azken larunbatean elkartzen dira urtero Lizarragako San Migel kofradiako kideak, sanmigeldarrak. Gaur egun 21 kide ditu kofradiak, baina larunbatean 15 elkartu ziren. Lizarragan kofrade izatea ez da aukeratzen. Bakoitzak etxeko kofradia ″herentzian″ jasotzen du. Herrian beste kofradia bat dago, San Martinena, eta bai batzuk bai besteek etxeko ohiturari jarraitu eta etxeko kofradiako kide izaten segitzen dute. 

Pandemiagatik bi urte ospakizunik egin gabe egon ondoren, irailaren 24an 10:00etan elkartu ziren kofradeak. Zenbait etxaju bota eta gosaltzera eseri ziren. Herri gainean dagoen ermitara joan eta 13:00etan azken urtean hildako kofradeen aldeko meza egin zen. Larunbatean Migel Lasa izan zuten gogoan. Elizkizunaren ondoren joan ziren lizerratar guztiei auzatea eskaini zien kofradiak. Hangoak despedituta, errondan ibili ziren tarte batez, bazkal garairaino. Jaten hasi aurretik kofradiako kontuak argitu eta kofradeek zegokiena ordaindu zuten. Egitekoak despedituta, mahaira eseri ziren. 

Aldaketa
Lizarragako San Migel kofradiak 1847ko akta liburua gordetzen du, baina badakite erakundea gutxienez XVIII. mendekoa dela. Ez dakitena da non dauden aurreko akta liburuak. Hala ere, duten liburuan jasoa gelditu da aurten emanzalie Xabier Senar eta launtzalie Jose Ramon Goikoetxea izan zirela. Karguak urte baterako dira, eta zerrenda bati jarraituz berritzen dira. Hala, heldu den urtean Goikoetxea emanzalie izanen da eta haren launzalie Jose Angel Luna izanen da. 

Azken urteetan Txominek egin izan ziren bazkaria, baina egitekoa utzi eta kofradiak ohitura batekin hautsi nahi izan du: emakumezkoek bazkaria kofradeei zerbitzatzea. Kofrade guztiak gizonezkoak baitira. Horregatik, estreinakoz, herriko taberna-jatetxean bazkaldu dute aurten. Emakumezkorik onartzen duten galdetuta, Senarrek azaldu duenez, ″horretaz ez dugu hitz egin. Inor ez da etorri kofrade izateko eskatzen, eta gu ere ez gara joan″. Ez da kofradian egin den aldaketa bakarra, lehen igandearekin ospatzen baitzuten eguna. Baina astelehena lan eguna denez, larunbatera pasa zuten. 

Herri gainean dagoen ermitaren mantentzeaz kofradia arduratzen da. 2000. urte inguruan konpondu zuten azkenekoz. Baina larunbatean emanzaliek eta lauzaliek eraikinaren zenbait gauza ikusi eta elkarri aipatu zioten, baina ez kofradian. Konponketaren bat egin behar izanez gero heldu den urtera itxarongo lukete. Bitartean, ermita itxita geldituko da. Kofradiaren egunean zabaltzen da. San Migel eguna jai egunean bada eta kofradiaren eguna ospatzen ez bada.