San Klementeren zain

Guaixe 2022ko aza. 23a, 08:43

Gaur despedituko dituzte lizerratarrek ospakizunak.

Negu giro betean ospatu dituzte lizerratarrek San Klemente festak. Ospakizunak despeditzeko gaur, 13:00etan, meza izanen da. Eta, ondoren, jubilatuendako bazkaria izanen da Bargazpi tabernan. Hala ere, asteburua festari emanak pasa dute lizerratarrek. Ostiralean Euskardaldiari harrera egitearekin batera hasi zen ospakizuna. Tripoteoak jendea poleki erakarri zuen Jai Alai frontoira. Ondoren, Azi Iturri elkarteak herri afaria eta dantzaldia hartu zituen. 

Ospakizunaren aterpe izan zen frontoia larunbatean ere. Haurrendako eta helduendako jolasak, txokolate jana, herri afaria eta dantzaldia hartu zituen. Igandean Lizarragako Kontzejuak Mari Lurdes Andueza eta Tomas Andueza omendu zituen, biak ere 1942an jaioak eta aurten 80 urte bete dituztenak. Arratsaldean haurrendako jokoak izan ziren, baita mus txapelketa ere Azi Iturri elkartean. Txapeldunak Aitor eta Unai izan ziren.