Miguel Nabarro

"Zortzikoa duela 300 urte dantzatzen zen"

Erkuden Ruiz Barroso 2023ko eka. 20a, 14:02

Miguel Navarro ezkerretik laugarrena, Lizarragako zortziko dantzariekin. UTZITAKOA

Duela hamazazpi bat urte berreskuratu zuten sanadrianetan dantzatzen den Lizarragako Zortziko Dantza. Berreskuratze lanetan Miguel Nabarro Aristorena aritu zen

Nabarrok oso ongi ezagutzen du Ergoienako kontzejuko dantza.

1. Noiztik dantzatzen da zortzikoa Lizarragan? 
Lizarragako zortziko dantza duela 300 urte dantzatzen zen ja. 1968 eta 1970 tartean galdu zen. Garai hartan jotzera etortzen zirenak hauexek ziren: Ihabartik Ttun ttuneroa, ondoren Etxarriko Karasatorre gaiteroa, Lizarratik Eizaga gaiteroak eta, azkenik, ni oso ume txikia nintzen baina oroitzen naiz, Etxarriko Josetxo Itsua akordeoilaria. Horrekin bukatu zen. 

2. Noiz berreskuratu zenuten? 
Duela hamazazpi urte inguru zortzikoa berreskuratzeko talde bat bildu ginen. Doinua berreskuratzen hasi ginen eta aitonamonengana jo genuen. Doinua gogoratzen zuten eta grabazioak egin genituen. Ondoren, Rafael Karasatorre etxarriarengana jo genuen aita gaiteroa zelako, eta honek bere aitak jotzen zituen partiturak eman zizkigun. Lan erdia egina genuen. Txistularia ere bagenuen, Bautista.

3. Zein izan zen hurrengo urratsa? 
Sakanako herri askotan dantzatzen da zortzikoa, baina izendapen desberdinak ditu; Etxarrin Dantzakia, Arbizun Mari Lonbreren, Lakuntzan Alkate dantza... Lizarragan Zortziko Dantza. Karasatorreren partiturak Iruñeko gaitero eta txistulari batzuengana eraman nituen eta ezer esan gabe dantza asmatzeko eman nien. Esan zidaten Larrain dantzaren doinua zela, ingurutxoarena ere bazuela, baita zortzikoarena ere; oso aspaldiko doinua zela. Sakanako zortziko bat zela esan nien: Lizarragako Zortziko dantza eta 300 urteko doinuak zirela. Larrain dantza, ingurutxoa, zortzikoa... Informazio horrekin koreografia bat egin behar genuen, eta horrela atera genuen gaur egun egiten dugun zortziko dantza. 

4. Nola dantzatzen da? 
Zazpi zati ditu. Lehenengoa danbolinarekin hasten da eta poronponpon luze bat egiten da. Garai batean soroan edo ganaduarekin lanean zeudenean jendea dantzara deitzeko erabiltzen zen. Bigarren dantza Alkate dantza da. Alkateak ematen zion hasiera. Orain urtero Mirentxu Aldazek ematen dio hasiera. Jartzen dion interesa bezalakorik ez dago munduan. Lehenengoan dantza egin ondoren jendea lehenengo lerrora pasatzen joaten zen. Hirugarren dantza barkilloarena da eta bikoteka dantzatzen da; zapitik helduta. Horren ondoren San Adrian dantza dator. Bukatzeko, zortzikoari dagokionez, Plazako dantza. Hau dena bukatuta giza-katea egiten da eta ondoren borobilean jarrita fandangoa eta arinarin dantzatzen da. Kalejira batekin bukatzen dugu. 

5. Noiz dantzatzen duzue? 
Bakarbakarrik sanadrianetan. Urtean zehar zaindua mendian egoten da eta herrira festak baino hamabost egun lehenago jaisten da, eta haren omenez dantzatzen da. Plazan dantzatzen dugu, ez ermitaren aurrean beste zenbait herritan bezala. 

6. Nork dantzatzen du edo duzue? 
Helduak hasi ginen. Hemen ez dago kintorik, orduan helduak hasi ginen eta ume batzuk etortzen hasi ziren. Ume horiek handituta daude eta dantzatzen jarraitzen dute.


2023ko sanadrianetan dantzariak zortzikoa dantzatzen.

7. Aurten zenbatek dantzatuko duzue?
Hamabost edo hamasei inguruk. Esan behar dut nik aurten txistua joko dudala. Hamazazpi urtez dantzatu dut.

8. Jantzi berezirik janzten duzue?
Emakumezkoak baserritarrez joaten dira, oso dotore, eta gizonezkoak prakak urdinak, alkandorak edo ator txuria, herriko zapia eta txapela. Denok espartin txuriak.

9. Zer sentitzen duzu zortzikoa dantzatzean?
Ohore bat da, eta erantzukizun bat. Ohitura aurrera ateratzeko ardura bat. Nik uste horri esker mantendu dugula.

10. Nolakoa izaten da egun hori?
Egun oso mendian pasa ondoren ondoren 18:00ak aldera jaisten gara eta alkatearen etxera joaten da jendea. Han ardoa, gazta eta abar eskaintzen dute. Dantzatu behar dugunok gure etxeetara joaten gara arropa aldatzera. Garbi-garbiak eskolara joaten gara eta 20:00ak aldera bertatik desfilean ateratzen gara, Luzaideko martxarekin. Plazara iritsi eta zortzikoa hasten da. 

11. Zergatik duzu zortzikoarekiko zaletasun hori?
Ni gaztetan Iruñeko dantza talde batean egon nintzen, eta orduan pentsatzen nuen beste herri batzuetako dantzak eta gauzak dakizkidanez, herri bertakoa izanik, zergatik ez ote genuen berreskuratzen.