Laster mende erdia beteko du.
1. Noiz sortu zen Azi Iturri elkartea?
1974. urtean Asociacion Catolica de Padres de Familia y Juventud bezala sortu zen. Seguruenik apaizak lagunduta sortuko zuten. Hasi zenean liburutegia zegoen, haurrendako jostailuen txokoa eta gurasoak txandakatzen ziren haurrak jolastera joateko. Txangoak eta bidaiak antolatzen zituzten ere, esaterako, Oportora joan ziren. Kartetara jolasten aritzen ziren gizon eta emakumeak. Urte horiek oso politak izan ziren; lan asko egin zuten. Lehenengo estatutuak 1979an egin omen zituzten, baina aurretik funtzionatu zuen ere. Elizaren eta parkearen ondoan dago, eta Azi Iturri Karrika deitzen da.
2. Nola kudeatzen da?
Zuzendaritza batzorde bat osatzen da, urtero berritzen dena. Aurten Klaritari egokitu zaio lana. Bigarren aldiz tokatu zaio. 65 urtetik aurrera ez zara batzordekoa izan behar. Batzordeak gutxi gorabehera dena eramaten du. Hiru sotolari daude eta kontuak eramaten dituen idazkari bat. Zerbait gertatzen denean batzordea elkartzen da. Dirua bazkideen kuotetatik lortzen da, beste elkarteetan bezala.
3. Eta festetan alokatzen da, ezta?
Hori da, bai. San Adrian eta San Klementetan alokatzen da, eta hortik ere dirua sartzen da. Arleze egunean ere taberna bezala jartzen da, kanpotik etorritakoak sar daitezke.
4. Zenbat bazkide ditu?
165 bazkide. Herritar gehienak. Kanpoan bizi direnak ere elkarteko kide dira.
5. Zer behar da kide izateko?
18 urte baino gehiago izan behar dituzu eta sarrera bat ordaindu behar da; beste elkarteetan bezala. Bazkide berria beste bazkide batekin sartu behar da.
6. Eta bazkide ez direnak sar daitezke?
Bai, baina bazkide batekin eta barran ezin dira sartu. Baina elkartean bai.
7. Zer egiten duzue elkartean?
Elkartean emakumearen eguna antolatzen da, Euskaraldia, nerabezaroa, euskara, emakumearen eta abarren hitzaldiak eman dira, bertso saioak egin izan dira... Pandemiarekin pixka bat gelditu da, baina pixkanaka gauzak antolatzen ari dira berriz.
8. Ospakizunak antolatzen dituzue?
Inauteriak ospatzen ditugu eta Olentzero elkartetik ateratzen da, herritik abesten joaten gara eta bertan bukatzen da kalejira. Errege bezperan Hiru Erregeak Ergoienako hiru herrietatik pasatzen dira eta, ondoren, elkartean afaria egiten dugu.
9. Egunerokotasunean jendea egoten da?
Herriko bizitza da. Asteburuetan egoten da jendea gehienbat: bazkariak, afariak, telebista ikustera joaten den jendea, pilota eta futbol partidak ikustera, abestera ere elkartzen dira, kartetara jolastera, lagunekin zerbait hartzera eta hitz egitera... Ostegunero kuadrilla bat joaten da afaltzera. San Martin festak pasa berri dira eta jende asko egon da. Toki oso garrantzitsua bat da. Orain udalak antolatutako ikastaro bat egiten ari dira bertan.
10. Beharrezkoa da, beraz.
Bai. Orain goian taberna dago, baina lehen ezer ez zegonean jendea elkartzera elkartera joaten zen.
11. Izena nondik dator?
Oso istorio polita da. Hor dagoen eraikina apaizaren etxea da, eta goian iturburu edo iturri bat zegoen. Izena hortik dator; elkartea lehen iturburu bat zen. Ura hartzera joaten omen ziren bertara.