San Adrian ermitaren bueltan elkartu ziren lizerragatarrak garagarrilaren 15ean, festetako aurreneko egunean.
1. Ermitarako aldapa horiek makina bat aldiz igota zaude?
Bai, gazte nintzela bai. Baina orain, dagoeneko... Lanerako. Bakoitzak geure gosariak eta bazkariak eraman, eta hola.
2. Nor arduratzen da ermitari kasu egiteaz?
Karrika bakoitzak ermita baten ardura du. Intxorretakoak San Donato, beheko karrikakoak San Martin, eta San Migel ermita ere badaukagu. Hemen, karrika honetan, San Adriango ermitaren ardura dugu. Etxez etxe txanda aldatzen dugu urtero. Aurten guri tokatu zaigu ermita zaintzea. Eta gure etxetik Anttoniona etxekoei pasako diegu.
3. Nola egiten duzue lekuko aldaketa?
Ermitako giltzak eta aldarean jartzeko oihalak pasatzen dizkiogu festa pasa eta ondorenean. Ermita bakoitzarekin gauza bera egiten da. Horrela ezagutu dugu eta horrela segitzen dugu. Baina ez dakit zenbat etxe garen, zeren batzuk ezin dutela, zahartu dira ere, eta... ahal den bezala egiten dugu aldaketa.
4. Zer lan egiten dituzue?
Ermita garbitzea eta, gero, apaizari bazkaria edo gosaria ematea.
5. Biharko prest dago?
Bai, igorik gaude. Beti egoten da lana, baina erraz egitekoa da: erratza pasatu eta hautsa kendu. Aldamenean dagoen aterpea ere garbitu genuen, nahikoa itxuroso opatu genuen. Egunean aldarean oihal horiek eta loreren batzuk jartzen dira, eta besterik ez. Loreak baratzekoak dira. Aurten ez dakit, kalak badaude, gero azuzena batzuk. Bakoitzak nahi dituen loreak eramaten ditu. Lore batzuk eramatea ez da lan handia.
6. Laguntza izan duzu?
Bai. Gizona eta semea ere joan ziren. Garbitzeko ere ez dago horrelako lanik.
7. Ermitaren kanpoko aldean ere bada aldare bat, ezta?
Eguraldiak laguntzen badu meza kalean izaten da, han ematen du apaizak meza. Ermitan denok ez gara sartzen. Hori gaurko egunean sartuko ginatekeela. Eguraldi txarra egiten badu ez gara mendira igotzen.
8. Santuaren irudia?
Bederatziurrenerako jaitsi zuten hilaren 2an eta larunbatean igoko dugu gora, eta han gelditzen da urte guztian. Gazteak oinez igotzen dira, eta jatsi berdin. Eta autoan joateko bidea baduzu, harutzaino autoan. Lehengo egunean garbitzera ere horrela joan ginen, ermitaren atariraino autoan.
9. Festa aldatu da?
Garai batean goizter joan, meza ematen zuen apaizak, eta gosaria. Gosaldu eta behera jaisten ginen, bazkaltzeko. Baina, ondoren, pentsatu zuten andreendako lan handia zela. Igotzen ginen, eta, ondoren, atzera, bazkaria prestatu behar. Orain bazkaria eramaten dugu. Orain egun guztirako joaten gara, eta mendian bazkaltzen dugu. Itzala daukagu, ongi dago han egoteko. Eta gurekin aurten apaizak bazkalduko du, ermitak garbitzen duen familiarekin bazkaltzen baitu.
10. Bazkaltzeko, zer?
Tripotxak axuriaren hankekin, eta... Bakoitzak nahi duena eramaten du. Zizak dauzkanak, tortillaren bat ziza. Bezperan prestatutako txilindrona... Horrelaxe.
11. Festak, zer moduz?
Andreendako lana. Mezara joaten gara. Gero musika jartzen dute plazan, besterik ez. Astelehenean nahi duena plazan afaltzera joaten da. Horrekin bukatzen dira festak. Gu ez ginen hasi eta ez gara afaltzera joaten. Eta orain ez gaude dantzatzeko, gizona maki. Gazte ginela, bai, egiten genuen festa. Gazte ginela gosariarekin igotzen ginen, orduan, gora orkestra joaten zen. Gosaldu ondoren han dantzatzen ginen, eta behera. Orain lasaiago. Bezperan lan puska bat egiten duzu, han mezara joan, eta eguraldi ona badago, behintzat, gustura egoten zara mendian, bakoitza bere familiarekin.