Lasak lizerratarren omenaldia jaso zuen

Guaixe 2024ko ira. 10a, 10:00

Jon Lasa Lizarraga aurreskua dantzatu zioten. UTZITAKOA

Lizarragako herriak Arleze egunean herriko seme kuttun izendatu zuten Xantuban etxeko Jon Lasa Lizarraga. "Merezi duen omenaldia herriak bihotzez egin dio". Lasandako erabateko sorpresa izan zen. Lizerratarren ekimenarekin bat egin zuen kontzejuak.

Lizerratarrek estimatzen dute Arleze eguna. Kanpoan bizi direnak ospakizunerako etortzen dira, propio. Agorrilaren 17an ospatu zuten. Baina aurtengo ospakizuna berezia izan zen, lizerratarren ekimenez, Jon Lasa Lizarraga omentzeko eguna bihurtu baitzen Arleze eguna. 

Jakinarazi dutenez, "zinez egun polita" izan zen. Lasaren etxe parean aurora kantatuz hasi zuten eguna, 07:00etan. Ondoren, mendira igo eta Arrangarten gosaldu eta 11:00etan Arlezera iritsi ziren. Handik Lizarragara buelta eta, frontoian, herri bazkaria egin zuten 160 lagunek. Bazkal buruan omendu zuten Lasa. Aurreskua dantzatu zioten, euskal makila oparitu zioten eta berari kantatu zioten. Gainera, bere emazte Agurtzane Letonari lore sorta oparitu zioten. 

Zergatia
Lasak aurten 80 urte beteko ditu eta Aian bizi bada ere, Lizarraga "bizirik mantentzeko ahaleginetan ez du inoiz etsi". Lizerratarrek azaldu dutenez, "Lasa ez da bakarrik hitzetan gelditu, herrigintzan parte hartu du eta parte hartzen segitzeko asmoa azaldu du". Argitu dutenez, "Lasa musika irakaslea izan da eta instrumentu asko jotzen ditu (trikitixa, txistua, gitarra, armonika, organoa…) beti hor dugu festak edo eguberriak alaituz. Herrian norbait hiltzen denean ere egoera xamurrago eta eramangarriago egiteko elizkizunean musika jotzen du". 

Lizerratarrek ere gogora ekarri dute Lasaren eta Agurtzaneren ekarpena "ezinbestekoa" izan zela herriko Zortzikoa berreskuratzeko 2006an. "Ordutik bera da Zortzikoko txistularia. Agurtzanek kriskitinak joz laguntzen dio. Garai batean hala egiten omen baitzen". San Adrian festetako larunbatean dantzatzen dute zortzikoa plazan. "Aurretik entseguak egiten dira eta Lasa Aiatik hasita etortzen da propio entseguetan parte hartzera". Lizerratarrek gaineratu dutenez, "hainbeste ekimenetan laguntzen du!" Herritarrek nabarmendu dutenez, "lizerratarra izatea harrotasunez darama, hori antzematen zaio beti herriarekin duen jarreran. Agurtzane ere beti hor, Hari ere eskerrak eman genizkion". 

Omenaldia antolatzen, kantak entseatzen... lizerratarrek denbora asko eman zuten. "Prestaketa lan horrek herritarren arteko harremanak handitzeko ere balio izan du", aitortu dute lizerratarrek. 

Esker ona 
Lasak omenaldian lizerratarrei eskerrak eman zizkien. Aitortu zienez, "nik egin dudan dena, herritarrei esker izan da. Txalo hauek zuendako dira. Nik ez dut gauza handirik egin, beti borondate onez herritarren laguntzarekin, gauza txikiak egin ditugu herria bizirik mantentzeko eta horrek fruituak eman ditu, gaur hemen herri guztia biltzea adibidez". Omenduak herriko festetan jendearekin dituen "oroitzapen onak" gogoratu zituen. Baita "duela 40 edo 45 urte herriko gazte batzuekin mendira joan ginenekoa, kanpamentuan egun batzuetarako". 

Lasak nabarmendu zuenez, "nire seme eta alaba musikan eta herrian sartu izan ditut txikitatik". Omenduak ziurtatu zuenez, "herri honek badu etorkizuna. Zergatik? Herri honetan dagoen jendeak asko balio duelako". Lizerratarrek txalo zaparrada batekin erantzun zioten. Lasak gaineratu zuenez, "80 urte beteko ditudan arren, herrian laguntzen jarraituko dut ahal dudan moduan. Ez da beharra ikusten dudalako, nahi dudalako baizik".

Omenaldiaren ondoren ospakizunak segitu zuen. Eztanda txarangaz lagunduta kalejiran ibili ziren. Auzo bakoitzak erronda eskaini zien festazaleei. Herriari buelta elkartean despeditu zen eta han afaria zuten zain parrandazaleek. Ondoren dantzaldia izan zen.