Festak ongi joan dira

Guaixe 2024ko aza. 26a, 12:00

Giro ederrean ospatu dute San Klemente festak lizarratarrek. Gonbidatu txar baten moduan jokatu zuen haizeak.

Makina bat jende erakartzen du Lizarragako San Klemente festei hasiera ematen dien tripoteoak. Hala bete zen Jai Alai frontoia. Lizarraga Kantuzek jarri zion doinua ospakizunaren hasierari. Ordutik aurrera ez zen animaziorik falta herrian. Igande eguerdian, ohi denez, omenaldiak egin ziren. Aurten 1944an jaiotako hiru kintori egin zieten. Guztiek Lizarragako zapia jaso zuten oroigarri gisa. Hirurei eskerrak eman zizkieten kontzejutik. Omenaldia Lizarraga Kantuz taldekoen doinuek, Jon Lasaren txistu doinuek eta herriko bi neskek dantzatutako aurreskua edertu zuten. Txistularia ere kintoa denez, jaso zuen zapia. Asteburua festari emana pasa ondoren, jubilatuendako meza eta bazkariarekin despeditu ziren San Klemente festak Lizarragan astelehenean. Mahaiaren bueltan bazkaltzera 23 lizerratar elkartu ziren. 

Festa giroa hondatzen saiatu zena hego haizea izan zen. Larunbat eta igandean haize firri-farra ibiltzea nahikoa ez, eta elektrizitate sarean haizeak jo, matxura sortu eta igandean, 09:00etatik 15:30era, etxe dezente argirik gabe egon ziren. Matxura konpontzeko 13:00etan argia kendu zuten eta herri guztia gelditu zen elektrizitaterik gabe.