Irurako bidea konpontzeak handitu du aurrekontua

Alfredo Alvaro Igoa 2025ko mai. 20a, 09:00

San Martin ermitaren parean lizerratarra eta autoa. ARTXIBOA

Dermioko bide hori konpondu eta asfaltatuko du kontzejuak. Baso aprobetxamenduaren salmentak diru sarrerak handitzea ekarriko du. Alokairurako bi etxebizitzak egiteko lanak hasi dira

Lizarragako Kontzejuak aurtengo aurrekontuak onartu ditu. Diru kontuetan 412.560 euroko gastua eta 424.920 euroko diru sarrerak aurreikusi ditu. Aurtengo aurrekontuarekin alderatuta 161.250 euroko sarrera gehiago eta 152.840 euroko gastu handiagoa. Kontzejuko kide Eneko Etxarri Amorinek azaldu duenez, diru sarrerak gora egiteko arrazoia da baso aprobetxamendua salduko dutela. Bargan, kate parean dago, pagoz osatuta eta harengatik Maderas Larreta enpresak 72.217 euro (BEZik gabe) ordaindu du.

Gastuei dagokienez, nagusia Irurako bidearen konponketa izanen dela gaztigatu du Etxarrik, eta lan horrek 145.121,24 euroko (BEZ barne) aurrekontua du. Lanak egiteko Lizarragako Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren 60.000 euroko dirulaguntza eskuratu du. Etxarrik azaldu duenez, "Lizarragako dermioko bide garrantzitsuenetako bat da, hainbat larre eta lursailetarako sarbidea ematen baitu. Abeltzainek ibiltzen dute mota guztietako lanetarako, esaterako, aziendari jatekoa eramateko, abereak zaintzeko eta abar. Horretarako ibilgailu astunak erabiltzen dituzte. Gaur egun, bidea egoera txarrean dago, eta ibilgailuen zirkulazioa zailtzen du".

Kontzejuko kideak azaldu duenez, "bide horrek 1.730 metro linealeko luzera du. Euriaren ondorioz material galerak izan ditu. Zaila da horietatik 4x4 ibilgailurik gabe zirkulatzea". Gaineratu duenez, "asfaltozko zola jarriko da eta ezpondak garbituko dira. Aldi berean, bi ibilgailu gurutzatzeko bi toki prestatuko dira eta San Martin ermita parean bidea zabalduko da".

Etxebizitza
Medikuarena zen etxean gizarte alokairura bideratutako bi etxebizitza eginen ditu kontzejuak, 60 bat m2-koak. Bakoitzak bi logela, komuna eta sukalde-egongela ditu. Haietako batek balkoia erabiltzeko aukera izanen du. Lana Navitec enpresa egiten ari da, 150.000 euro jasoko ditu. Udalak gobernuaren 120.000 euroko dirulaguntza du. Behin obra eginda, etxeak janzteko kontzejuak Ergoienako Udalak emandako 60.000 euroak erabiliko ditu. Eta bitartean, etxeak alokatzeko baldintzak zehazteko lanean ariko dira kontzejuko kideak. Ergoienan bertan badute eredurik, bai Unanun bai Dorraon.

Aipatutako etxebizitzak egiteko lizerratarrek aurretik auzolanean hustu zuten eraikina. Eta joan zen urtean auzolanean egindako lanetako bat izan da plazan, kioskoa jartzen den tokian, barandilla berriak jartzea. Orain arte urtero mozten zen, festetan kioskoa jartzeko. Ospakizuna pasata berriro soldatzen zen. Hura nahikoa hondatuta zegoenez, kontzejuak auzolanean jarri eta kentzen den barandilla jarri du. Etxarrik azaldu duenez, "Lizarragako armarriak eta zortzikoaren irudi bat jarriko ditugu barandillan. Azken hori apirilaren 12an". Azkenik, Lizarragako Kontzejuaren beste asmo bat da Erregaio dermioko bidea konpontzea. Hori etorri bitartean, Ergoienako Udalak dermioko bideetako bazterrak garbituko ditu.