Aurtengo haizeteek Azi Iturri elkartearen ondoko parkean ere eragina izan zuten, zehazki han zeuden lau sekuoietan. Haize bolada handi batek haietako baten zati bat hautsi eta parkera bota zuen. Hori ikusita, eta pertsonendako arrisku egoerak saihesteko, Lizarragako Kontzejuak parkean zeuden lau sekuoiak moztea erabaki eta hala egin zuen. Parkean dauden gainontzeko zuhaitzak zeuden bezala utzi zituen. Hiru sekuoia gazteenak nahiko behetik moztu zituen eta aulki gisa erabil daitezke, baina handienaren enborra nahiko goitik moztu zuten. Lizarragako Kontzejutik azaldu dutenez, enbor horretan eskulturaren bat egin nahiko lukete etorkizunean.