Udako unetxoak

"Pozten zara kanpoko jendea etortzen delako"

Alfredo Alvaro Igoa 2025eko abuztuaren 1a

Bittori Senar Andueza lizerratarra Lizarragako plazan.

Plazan lagunekin ematen duen arratsaldeko tartea da Bittori Senar Andueza lizerratarraren gogoko momentua.

Udan "ordurik gabeko egunak" ditu Bittori Senar Anduezak, lanera ez baita joaten. Udan gehien disfrutatzen duen momentua, politena, plazan lagunekin elkartzen den unea da. Bazkaldu eta siesta egin ondoren plazako iturriaren ondoko aulkian esertzen dira, "gutxi gorabehera 19:00ak aldera izaten da, eta gustura egoten gara". Azaldu duenez, "hiru andre lau umerekin eta nire adinaren modukoa duten andre batzuk elkartzen gara, eta plazan bizi den andreren bat edo beste ere bai. Apika, ni naiz zaharrena". Hori bai, denak egunero ez dira elkartzen: "batzuetan batzuk joaten dira, besteetan ez. Ez gara beti berberak izaten han gaudenak, bakoitza ahal eta nahi duenean joaten da". Arratsaldeko une horietan Senar "gustura" sentitzen da: "gairen bat ateratzen bada, nik nire iritzia ematen dut". Laguntasuna eta iritziak partekatzea.

Lizarragako beste leku batzuetan ere izanen dira halako elkartzeak. Senarrek adibide gisa aipatu du plazatik ez oso urruti dagoen Txukuluben, "han ere beste lauzpabost andre elkartzen dira".

"Lehen adineko jendeak garai batekokontuak esaten zituzten; gu aditzen gustura"

Plazako aulkian "elkarrizketa asko sortzen dira, gauza asko, lehenagoko kontuak, eta horrelakoak". Senarrek zehaztu duenez, "lehenago gehiago disfrutatzen genuen, adineko jende asko zegoen eta ateratzen ziren. Eta garai bateko kontuak esaten zituzten, eta gu haiek aditzen gustura egoten ginen. Orain beste modu bateko elkarrizketak ditugu, eta gure artean gelditzen da dena (barrez)". Haiek bukatuta, "etxera etorri, eta etxean egoten naiz".  

Lizerratarrak azaldu duenez, "andre gazte batzuk ere haurrekin plazara ateratzen dira. Gaurko umeen inguruko elkarrizketak ere izaten ditugu. Gazteen umeak nola hazi diren, guk nola hazi genituen. Halako elkarrizketak sortzen dira batzuen eta besteen artean". Kontrasteak.

Plazako aulkia
Garai batean plazan zegoen ganbela gaur egun aulkia da, eta aldamenean iturria du. Horri "plazako aulkia" esaten diote lizerratarrek. Plazak aldapa badu ere, "hor zelaia dago", zehaztu du Senarrek. Elkartzen diren garaian aulkia itzaletan dago. "Baina mugitzen gara eta eguzkia, zer edo zer, ikusten dugu", argitu du Senarrek. Haizeak jotzen badu, korronteak harrapatzen ditu.

Gainera, udan plaza aldean aparteko mugimendua izaten da. "Autoren bat etorri eta: zer auto ote da hori? Eguna pasatzera etorriko dira, haurrekin daude! Edo herriari buelta ematera etorri dira. Begira zeinen ongi!". Lizarragara iritsitakoek ere galderak egiten diete taberna edo jolas parkea non dauden, edo Unanura edo Dorraora nondik joaten den galdetzen dutenak ere badira. "Eta pozten zara kanpoko jendea etortzen delako". Mendizaleak, txirrindulariak edo autoarekin propio herrira joandakoak, "denetarik ikusten da".  

Haien eserlekuaren gainean jartzen da festetako eszenatokia. "Baina buelta harrapatzen diogu (barrez), kioskoa jarriz gero estalpea dugulako".

Uda bukatzearekin batera, lanera bueltatu behar izaten dute. "Eta arratsaldea motza da, negua hastear da". Plazako aulkian elkartzeari uzten diote. "Baina eguraldi ona ematen badu larunbaten batean, edo igandean elkartzen gara, lastaileraino gutxienez, bai. Baina, astez, hainbeste ez". Neguan etxean gelditzen dira denak. Atzera ere, maiatzean hasten dira elkartzen. "Eguraldiak laguntzen badu, bai".

Uda iritsi bitartean, udazkenean eta neguan, udan bizitako une horiek gogoan izaten ditu Senarrek. "Niri uda asko gustatzen zait. Hemen negua oso luzea eta gogorra da. Elkar oso gutxi dugu ikusten. Eta, bai, faltan botatzen dut udako lasaitasuna, plazako momentu horiek-eta".