Natur parkean bi lan egiteko deialdia

Guaixe 2025eko irailaren 23a

Lizarragako portuko tunel ondoko aparkalekua autoz beteta. ARTXIBOA

Lizarragako tunel ondoko aparkalekua eta Cristinos lezea egokitu nahi dira.

Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuan Urbasa-Andia natur parkean bi lan egin nahi ditu eta lanak emateko deialdia egin du. Alde batetik, Kristinoen lezearen barnealdea eta kanpoaldea egokitzea. Horretara 94.465,44 euro (BEZ barne) bideratu dira. Eta, bestetik Lizarragako tunel ondoko aparkalekua berrantolatzea eta hobetzea. Lan horrek 297.967,42 euroko aurrekontua du. Guztira 392.432,86 euroko (BEZik gabe) inbertsioa da. Lanak finantzatzeko departamentuak Europar Batasunaren Berreskuratze, eraldatze eta erresilientzia planaren finantziazioa du. Lanetakoren bat bere egin nahi duen enpresak bere eskaintza lastailaren 9ko 23:59ra arte aurkez ditzakete. 

Egitekoak 
Lizarragako portuko tunel ondoko aparkalekuak hareko zorua du. Euria egitean putzuak sortzen dira eta erosioa ere badago. Gainera, aparkatzeko plazak ez daude markatuta eta aparkalekuan nola mugitu ez dago zehaztuta. Hori hobetzeko lurrean sareta jarriko dute. Euri ura bideratzeko errepide eta aparkalekuaren artean porlanezko ezponda eginen da. 

Guztira autorendako 91 plaza izanen da, motorrendako 8, mugikortasuna murriztuta duten pertsonen ibilgailuendako hiru aparkamendu eta autobusendako bi izanen dira. Guztira 104 plaza dira.  

Kristinos lezean, berriz, lezeko eta inguruko geodibertsitatearen eta biodibertsitatearen kontserbazio, zaintza eta kontrol baldintzak hobetzeko lanak dira. Bisita gidatu espeleoturistikoak hartzeko egokituko dute. Lezera sartzeko eskailera jarriko da. Lezeko sarbidea ixteko altzairuzko burdin sarezko forjatu bat jarriko dute. Leze barrura sarrerako eskailerak konponduko dira eta igoera edo jaitsierak errazteko eskudel modura soka bat jarriko da. Lezeko lehen salako zoruan dauden landaretza eta lokatz hondarrak kenduko dituzte. 

Hurrengo salan, Dezepzioen kaosean, apenas gelditzen dira hondatu gabeko estalagmitarik. Horregatik, bisitariak luze egoteko eta ingurumen hezkuntzarako egokia da. Hala ere, arriskua dagoen tokietara pertsonak ez hurbiltzeko beira zuntzeko hesia jarriko da. Handik Inbutu salara joan daiteke. Azkenik, Laku salara iritsiko da ibilbidea. Han zazpi metroko luzerako eta metro bat zabaleko beira zuntzeko pasabide bat jarriko dute 15 metro karratuko plataforma batera eramanen duena. Handik lakuaren ikuspegia izanen dute bisitariek. Lakua behar bezala ikusteko lakua ur azpian jarriko diren fokuekin argiztatuko da.