Sanmartindarrak Azi Iturri elkartean elkartu ziren lastailaren 25ean eta kofradiaren eta San Martin ingurukoak hizketagai izan zituzten. Ondoren majo afaldu zuten. San Martin eguna, berez, azaroaren 11 da, baina hurbilen dagoen larunbatean ospatzen dute sanmartindarrek, azaroaren 8an aurten. Kofradiako anai buru Jon Ruiz da eta laguntzailea Unai Lazkoz. Biak arduratu ziren ospakizunaren antolaketaz. Kofradiaren arduretan aldaketa izan zen larunbatean ere. Lazkoz anai burua da. Eta laguntzailea Fermin Senar da.
Kofradeak elkartean tripotak eta barrukiak gosaltzera elkartu ziren. Gosaldu ondoren elizan sartu eta anai buruak prest utzitako kandelak piztu eta haiek eskutan San Martin ermitarako bidea hartu zuten. Udan bidea asfaltatu egin du kontzejuak eta eroso ibiliz joan ziren. Eguerdian meza izan zen.
Herrira bueltan, anai buruaren etxera jo zuten. Apaizak etxea bedeinkatu eta, ondoren, etxeko hildakoen alde otoitz egin zuen. Egitekoak despedituta, musikariak lagun, sanmartindarrak bazkal garaia iritsi arte poteoan ibil ziren. Azi Iturri elkartean bazkaldu zuten. Anai buruaren eta laguntzailearen senideek zerbitzatu zuten.
Mahaitik jaso zirenerako ilunduta zegoen. Musikarien doinura herrian barna kalejira egin zuten, bidean hiruzpalau kofraderen etxeetan geldituz. Horretarako gonbidapena edozein kofradek luzatu zuen. Etxe horietan jan-edanak eskaini zitzaizkien. Herrian barnako kalejira elkartean despeditu zuten, afaltzeko. Festa luzatu egin zen.