Bizikleta bide sarea ez da autoak ibiltzeko

Guaixe 2026ko urtarrilaren 21a

Pibote bakarra gelditu da bizikleta bidean. KONTZEJUA

Autoak ez pasatzeko pibote bat errotik kendu ondoren, horixe azpimarratu du Lizarragako Kontzejuak

Sakanako bizikleta bide sareko adarretako batek Etxarri Aranatz eta Lizarraga lotzen ditu. Etxarriko Euntzea dermiotik Lizarragako Astarategietako bidera arteko bide berriak 650 bat metro ditu. Udaz geroztik dago erabilgarri eta oinezkoek eta txirrindulariek erabiltzen dute. 

Autoak eta bestelako motordun ibilgailuak bizikleta bidean ez sartzeko, Sakanako bizikleta bide sareko toki askotan piboteak jarri dira bidearen erdian. Halakoak daude Lizarraga eta Etxarri Aranatz arteko bidean ere. Baina Lizarragako Kontzejuak jakinarazi duenez, bakarren batek piboteetako bat errotik atera eta aldameneko errekara bota zuen. Horretaz abenduaren 27an jabetu ziren. 

Lizarragako Kontzejukoak adierazi duenez, "gertatutakoa ezin dugu onartu. Herriak eta Sakanako Mankomunitateak bidea egiten dirua gastatu dugu. Herrira, bizikletaz eta oinez, jendea etortzen zaigu, bidea herriarendako ona da". Horregatik, kontzejutik "bidea eta han dauden gauzak behar bezala zaintzeko deia" egin dute.