Kontzejuak bi etxebizitza alokatuko ditu

Alfredo Alvaro Igoa 2026ko otsailaren 10a

Medikuaren etxea zenak Bargazpi taberna eta bi etxebizitza hartzen ditu. ARTXIBOA

Tabernaren gainean daude eta Lizarragako Kontzejuak lehen etxebizitza gisa erabiltzeko baldintzarekin alokatuko ditu, herriaren despopulazioaren kontrako neurri gisa. Horregatik, herrian erroldatzea eskatu du.

Medikuarena zen etxean gizarte alokairura bideratutako bi etxebizitza egin ditu Lizarragako Kontzejuak. Etxebizitza bakoitza 60 bat m2-koa da. Bakoitzak bi logela, komuna eta sukalde-egongela ditu. Haietako batek balkoia erabiltzeko aukera izanen du. Etxebizitza horiek egiteko aurreneko lanak lizerratarrek auzolanean egin zuten. Haien ardura izan zen etxebizitza barrukoa botatzea eta garbitzea.  

Pasa den urtean Navitec enpresak etxebizitzak egin zituen. Lanengatik 150.000 euro jaso zituen. Lanak finantzatzeko kontzejuak Nafarroako Gobernuaren 120.000 euroko dirulaguntza jaso zuen. Behin obra eginda, etxeak janzteko kontzejuak Ergoienako Udalak emandako 60.000 euroak erabiliko zituen.

Alokatzeko baldintzak
Lizarragako Kontzejuaren nahia da bi etxebizitza horiek "lehen etxebizitza gisa erabiltzea". Izan ere, kontzejuak "herrian biztanleria finkatu" nahi du. Horregatik, baldintza gisa jarri du etxebizitza alokatzen dutenei, haietako bat gutxienez, Lizarragan erroldatu behar duela. Gizarte alokairuaren alde egin du Lizarragako Kontzejuak "errenta baxuko pertsonen alde egin" asmoz.

Horiek horrela, Lizarragako Kontzejuak bi etxebizitzak alokatzeko baldintzak jakinarazi ditu. Etxebizitzen tamaina kontuan hartuta, haietako bat alokatu nahi duen familia unitateak gehienez hiru pertsona helduz osatuta egon beharko du. Etxea alokatzeko eskaintzak baloratzeko garaian kontzejuak honela eginen du: 18 urtetik gorako heldu bakoitzari 2 puntu (gehienez 4 puntu); 25-35 urte artekoei 3 puntu pertsonako (gehienez 6 puntu), adingabe bakoitzeko 5 puntu (gehienez 10 puntu) eta guraso bakarreko familien kasuan (aita edo ama) 5 puntu.

Bestetik, Lizarragako Kontzejuak etxebizitza eskatzaileen gaur egun bizitokia non duten baloratuko du. Horretarako, familia unitateko kide bakoitzaren erroldatzea hartuko du kontuan, eta estimazioaren egunean gutxienez bi urtez erroldatuta egotea kontuan izanen du. Honela puntuatuko du: Lizarragan erroldatuta egoteagatik, 5 puntu; Ergoienan, 3 puntu; Sakanan, 2 puntu eta Lizarragan erroldatutako bizilagun baten bigarren mailarainoko senidea izanez gero, 5 puntu. Bai adina eta bizilekua baloratzerakoan, puntuazio horiek ez dira gehigarriak izanen, kontzejuak familia unitatea bakoitzaren puntuaziorik altuena hartuko du. Bestetik, Lizarragako Kontzejuak euskara jakitea baloratuko du: pertsona bakoitzeko 2 puntu (gehienez 4 puntu).

Eskabideak Ergoienako udaletxean aurkeztu daitezke, martxoaren 13ra arte. Eskabidea gutun azal itxi batean aurkeztu beharko da. Eskabidearekin batera aurkeztu beharko dira: nortasun agiriaren kopia; adingabekoen kasuan, familia liburua edo jaiotza erregistro zibilean inskribatzeko agiria eta erroldatze-ziurtagiria, datarekin.