"Manta bat motxilan" izeneko kanpaina aurkeztu zuten otsailaren 3an Nafarroako Gobernuak, Larrialdi, Prebentzio eta Babes Zibileko Zerbitzuen eta Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuaren bitartez, eta Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioak. Nafarroako mendi eta haran estrategikoenetan 1.000 manta termiko eta informazio liburuxkak banatzea da helburua, mendi istripuen prebentziorako gomendioak eta gerta daitezkeen gorabeheren aurrean nola jokatu jakiteko argibideak jasotzen dituztenak. Kanpainarekin mendizaleak euren burua babesteko duten beharraz sentsibilizatu nahi da, eta mendizaleen artean segurtasun neurriak zabaldu. Halaber, Berriozarko auditorian bi hitzaldi antolatu dira otsailaren 10ean eta 12an (19:00) mendiko segurtasunari buruz.
Manta termikoak eta liburuxkak martxoaren 1ean hasiko dira banatzen, tartean, Beriaingo mendian eta Lizarragako Portuan. Nafarroako Mendi Federazioko presidenteorde Martin Montañes istripuak saihesteko gomendioez aritu zen.
