Ergoienako udaletxean egindako bilkuran hainbat lizerratar elkartu ziren otsailaren 21ean. Guztiak ere Ministerioaren Abiadura Handiko Trenaren (AHT) azterlanaren berri jaso zuten Soledad Mozo Galartza alkatearen eta Sakana Trenaren Alde plataformako kide baten eskutik. Bilkura ere baliatu zuten azaltzeko Ministerioaren proposamenak baduela alternatiba bat: tren publiko eta soziala. Horren alde egin du udala eta azterlanaren kontrako alegazioak aurkeztu zituela azaldu zuen alkateak.
Plataformako kideak gogorarazi zuen AHTri aurre egiteko alegazioak aurkezteko epea martxoaren 6ra arte zabalik dagoela. Lizerratarrak haiek sinatzera gonbidatu zituen. Horrekin batera, plataformako kideak Altsasun martxoaren 14an, 18:00etan, eginen den manifestazioan parte hartzera deitu zuen.