Estreinako edizioan ederki pasa zutenez, lizerratarrek aurten ere Trikitixa Festa antolatu zuten, eta ospakizun arrakastatsua izan zen atzera ere. Lizerratarrek eta musikariek bermuta hartzeko garaian bat egin zuten. Trikitilariak eta pandero joleak orduan bertan hasi ziren musika jo eta giroa berotzen. Eingo taldeko kideez aparte, dozena bat trikitilari izan ziren hitzorduan, Lizarragakoez aparte, Arbizutik, Lakuntzatik, Lizarragatik, Errezutik eta Lasartetik etorritakoak ere. Aurten ere Lizarragako hitzorduan hutsik egin ez zuena Joseba Tapia trikitilaria izan zen.
Lehen topaketa horren ondoren, trikiti eta pandero doinuak Lizarragan barreiatu zituen kalejira batek. Haren ibilbidea Azi Iturri elkartean bukatu zen. Guztiak barrura sartu eta bazkari eder batez gozatzeko aukera izan zuten. 88 pertsona eseri ziren mahaien bueltan. Majo bazkaldu zuten, eta bazkalondoan musika tresnak berriro agertu ziren. Betiko kantak abestuz arratsaldea luzatu zitzaien. Noizbait hankak luzatzeko premia ere sentitu zuten eta, atzera ere, kalejiran ibili ziren Lizarragan barna. Festak afaldu ondoren segida izan zuen.
Lizarragako Kontzejuak eguna baliatu zuen taberna gainean egin dituen bi etxebizitzak herritarrei erakusteko. Haiek alokatzeko daude. Interesa duenak gaur du eskaintza aurkezteko azken eguna.