Herri lurren aprobetxamenduko ordenantza aldatuko du kontzejuak

Guaixe 2026ko apirilaren 20a

Lizarragako ikuspegia. ARTXIBOA

Lizerratarrek parte hartzeko oinarrizko agiria publiko egin du. Bere garaian eman ez ziren herri lurren aprobetxamenduak urtero esleitu dira eta esleipen hori arautu nahi da aldaketarekin. 

Lizarragako Kontzejuak bere herri lurretako ondasunak arautzeko ordenantza du. Haren azken moldaketa 2019ko azaroaren 27koa da.  Horretan oinarrituta, kontzejuak lote jakin batzuen aprobetxamendua 8 urterako esleitzeko prozedura sustatu zuen 2020an; hala ere, herri-ondarearen zati esanguratsu bat ez zen esleitu prozedura horretan, behar bezala aprobetxatzeko egoeran ez zegoelako. Tradizionalki, lurzati horiek urtero esleitu izan dira. 

Kontzejuaren betebeharra da herri-lurrak ahalik eta ondoen izatea eta horiek aprobetxatzea. Horregatik, Lizarragako Kontzejuak egoki jo du ohiko esleipen hori antolatzea, partzela horiek hobetu eta inbertitu ahal izan daitezen, pixkanaka esleipen-prozedura arruntetan sartu ahal izateko. Horretarako, herritarrek parte hartzeko izapide sustatu du, Lizerratarren eta estentsiboko abeltzainen iradokizunak eta iruzkinak jasotzeko. Aurrenak herri-ondarearen kudeaketa arduratsuan interesa baitute, eta atzenak behar bezala aprobetxa daitekeen azalera handitzeko interesa dutelako.

Ekimena 2025eko martxoaren 2an abeltzainekin izandako bileratik sortu zen. Bilera horretan hainbat ideia iradoki ziren funtzionamendu tradizionala hobetzeko eta, horrela, Lizarragako herri-ondarea hobetzeko eta haren aprobetxamendua optimizatzeko. 

Bestalde, joan zen urteko kontzejuaren urteroko deialdiari helegitea jarri zioten zenbait abeltzainek. Helegitea onartu egin zen, izan ere, kontzejuak uste du esleipen-prozedura tradizionala hobetu daitekeela, eta hori hobetzeak herri-aprobetxamendua optimizatzea ekar dezakeela, kontzejuaren eta abeltzain lizitatzaileen interes konkurrentea baita. 

Beraz, ordenantzaren aldaketaren helburua da 2020an izapidetutako esleipen-prozeduran sartuta ez dauden lursailen esleipena arautzea. Lursail horiek urtero esleitu ohi dira, 2025eko martxoan Kontzejuari aurreratu zitzaizkion iradokizunak txertatu ahal izateko, bai eta Lizarragako Kontzejuaren herri-ondarea hobetzeko partaidetza-prozesu horretatik sor daitezkeenak ere. 

Iradokizunak
Joan zen urteko martxoaren 2an egindako batzarrean sortutako ideietako batzuk dira: esleitutako hektarea bakoitzeko gehiago ordaindu behar izatea (30 edo 35 eurora arte) eta diru hori beste partzela batzuk sasiz garbitzera eta egokitzera bideratzea; Lizarragako Kontzejua aholkatuko duen kontzejuaren eta abeltzainen artean batzordea sortzea; partzelen esleipenean jarduera nagusia abeltzaintza dutenei lehentasuna ematea; urteroko esleipenerako baldintza batzuk gehitzea; araudia egiteko Nafarroako Gobernuari eta lehen sektoreko sindikatuei laguntza eskatzea; abeltzaintza diru sarrera bakarra dutenei azalerak erreserbatzea eta esleipenak aurrez aurre egitea, eskatzaileak bertan diren batzarretan. 

Ordenantzaren aldaketa zirriborroa kontzeju-etxeko iragarki oholean eta ergoiena.com webgunean ikusgai dago. Iradokizunak onartuko ditu Lizarragako Kontzejuak. Horretarako epea apirilaren 30ean despedituko da. Ekarpenak aboneta@micap.es e-posta helbidera bidal daitezke.