Kontzejua etxebizitza bat egiteko aukera aztertzen ari da

Guaixe 2026ko ekainaren 1a

Eskola hartu zuen eraikina. ARTXIBOA

Medikuaren etxean egin zituen bi etxebizitzak alokatuta daude. 

Lizarragako Kontzejua garai batean eskolak hartu zituen eraikinean etxebizitza bat egiteko aukera aztertzen ari da. Egon daitezkeen dirulaguntzak eta bestelakoak aztertzen ari dira. Gaur egun erabilira anitzerako ibiltzen duten espazioaren gainean prestatuko lukete etxebizitza. Hala jakinarazi du kontzejuko kide Eneko Etxarri Amorinek. Gaineratu duenez, "aspaldi eraikin berean beste bi etxebizitza egin zituen kontzejuak". Bestetik, Etxarrik gogorarazi duenez, Lizarragako Kontzejuak Ergoienako udaletxearen ondoan lursaila du, 279 metro karratukoa, han ere etxebizitza eraiki daiteke. Bakarren batek interesa balu kontzejuarekin harremanetan jarri beharko luke baldintzen berri izateko.  

Berritze lanak ere egin ditu Lizarragako Kontzejuak. Alde batetik, "haurren jolas parkea berritu du. Alde batetik, zorua, zabuak eta haurrak gora eta behera ibiltzeko elementua berriak dira. Ongi zeuden txirrista eta kulunka mantendu ditugu", azaldu du Etxarrik. Bestetik, Irurako bidea berritu zuen kontzejuak joan zen urtean. Lanak 145.121,24 euroko (BEZ barne) aurrekontua izan zuen eta zati bat, 60.000 euro, Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarekin finantzatu zuen. 

Legegintzaldi hasieran erabaki bezala, Lizarragako Kontzejua osatzen duten kideek urtetik urtera presidente ardura aldatzen joan dira. Azkeneko eskualdatzea aurki izanen da eta Erkuden Caravilla Lezea izanen da kontzejuko presidentea.