Lizerratarra EHNE-Nafarroaren zuzendaritzan

Guaixe 2026ko ekainaren 2a

Martin Iribarren Bidaurreta, Leire Etxeberria Jaka, Felipe Etxetxikia Juanbetlz, Fermin Gorraiz Etxamendi, Diego Alonso Moreno, Gabriel Juvera Villegas eta Beñat Agorreta Zabalza. UTZITAKOA

Kongresuan hala aukeratu zuten. Gainera, bere 40. urteurrena ospatu zuen sindikatuak. 

EHNE sindikatuak VIII. Kongresua egin zuen egin zuen larunbatean, maiatzak 30. Bilkuran sindikatuak zuzendaritza berritu zuen. Fermin Gorraiz Etxamendik presidente gisa jarraituko du eta Felipe Etxetxikia Juanbeltz idazkari nagusia izanen da. Zortzi kidez osatutako zuzendaritzan Leire Etxeberria Jaka lizerratarra dago, 39 urte ditu eta esnetarako ardiak ditu. 

Sindikatuak zuzendaritza berritzearekin batera, txosten sindikala eta barne antolaketako eta nekazaritza-politikako txostenak onartu zituen. Azken horretan, EHNE-Nafarroak berretsi du abeltzaintzako familia ustiategien defentsa eginen duela, baita elikadura subiranotasunarena ere. Era berean, ustiapen-tamainei eta laguntzei mugak ezartzea aldarrikatu du.

Horrekin batera, sindikatuak nekazaritza-aktiboak esku gutxitan pilatzea eragoztea ezinbestekoa jo du. Aldi berean, elikatze katearen hainbat mailatan sortzen den aberastasuna ekitatez banatzea eskatu du. EHNE-Nafarroak munduko herrialdeen artean sinatzen diren merkataritza itunei kritika egin die. Bestetik, landa eremuetako biztanleak kontuan hartzearen aldeko apustua egin du, haien garapena sustatzeko.

Helburua? 5.000
EHNE-Nafarroaren kongresuak 5000 baietz leloa zuen. Horren bidez, sindikatuak Nafarroak 5.000 nekazari nagusi izatea aldarrikatu nahi du, “horrek esan nahiko baitu lehen sektoreak bizirik jarraituko duela gure lurraldean”. 

Horren bidez, “landa-uberizazioari” aurre egin nahi zaio, “gero eta multinazional eta inbertsio funts gehiago baitaude lurrak bereganatzen eta makrogranjak sustatzen, nekazaritzako elikagaien merkatuaren monopolioa lortzeko. EHNE-Nafarroa horiei aurre eginen die beti”, adierazi zuten buruek.

Era berean, Administrazioaren eta kontsumitzaileen laguntza eskatu dute. Lehenengoari lege-arauak eskatu dizkiote, “herrietan pertsonak dituen lehen sektorearen eredu bat bultzatzeko eta errazteko, ekoizle txikien eraldaketa eta merkaturatzea errazteko eta Elikadura Katearen Legea sakon garatzeko”.

Bigarrenei adierazi dietenez, “gizartearen parte ere bagara, arazo eta kezka berberak pairatzen ditugu, eta, horregatik, gure aldarrikapenak babesteko eskatzen diegu”, eta, aldi berean, “konpromisoa hartzen dugu agenda soziala babesteko eta gure lana ondo egiteko, elikagai osasuntsuak ekoitziz eta ingurumena errespetatuz”.

Azkenik, erronka bat jarri diote klase politikoari: “aberastasunaren banaketa justua egin behar da, ez bakarrik lehen sektorean, eta beste eredu sozioekonomiko bat pentsatu eta eraiki behar da, argi baitago baliabideak mugatuak direla Lur planetan. Ez dugu beste irtenbiderik ikusten”.