Festak beti larunbatetik astelehenera izan dira?
Etxarrikoarekin bat egiten zuenez, lizerratarrok adostu genuen festak garagarrilaren hirugarren asteburuan egitea. Urte pila dira hori erabaki zela.
Festetan ezin jatekoak faltatzea. Lizarragan zerbait berezia prestatzen duzue?
Berezia, ez. Bakoitzak bere burua antolatzen du, bere bazkaria, bere gauzak. Eta nik tripotxak egiten ditut, zuriak, eh? Etxe askotan jaten dira tripotxak, baina, nik dakidala, gehienak neronek egiten ditut eta batean eta bestean banatzen ditut.
Nola egiten dira tripotxak?
Tripota beltza bezalaxe egiten dira, dena ardikiarekin. Ia berdinak dira, baina tripotxa ardiaren odolarekin egin beharrean arrautzarekin egiten dugu. Kontua da ardi odola orain oso mehea dela, jendearena bezala, orain neguan baino meheagoa dugu, sendotasun gutxiago du. Geroz, tripotxak arrautzarekin egiten ditugu. Eta jartzen diegu hanka koxkorrak, odol egosia, sabelkiak, porrua, baratxuria, tipula eta perrexil pixka bat. Bakoitzak nahi duena botatzen du. Guztia hestetan sartu eta egosi egiten ditugu. Gero zatitu eta saltsan jartzen ditugu tripotxak. Barrukien antzekoa da.
Etxe bakoitzak bere tripotxa errezeta du?
Batetik bestera pixka bat aldatzen da, baina, gutxi gorabehera, errezeta bera da.
Eta etxe bateko eta bestek tripotxak probatzera joaten zarete?
Ez. Galtzen ari da. Nik hainbat familiarendako egin ditut, bederatzi bat.
Noiz jaten dira?
Nik uste dut ostiral gauean eta erromerian ere batzuk jaten dutela. Nahi duenak nahi duen bezala.
Mendian zer jaten da?
Bakoitzak nahi duena. Asko aldatzen ari da. Lehen bakoitzak bere bokadiloa eramaten zuen, lurrean eserita jaten zen ardo puska bat edanda. Orain bakoitzak bere mahaiak eramaten ditu, suak egin... Herrira jaistean alkatearen etxean auzatea izaten da.
Astelehen goizean, auzatea.
Duela 38 urte, hortxe nonbait, ez zegoen ezer. Ni harategiko atean nengoen. Jose Ignazio pasa zen eta esan nion jenderik ez zegoela eta zerbait egin beharra zegoela. Bera zinegotzia zen eta aurreko eguneko auzateko soberako ogia zuela esan zuen. "Ekarri eta baratxuri zopa eginen dugu". Horrela hasi eta geroz eta hobe orain. Txistorra ere erretzen dugu, eta juerga. Gustura jaten du jendea. Eta horrekin ardoa ere. Hori ez balego, goizean ez legoke ezer. Eta aitzakia horrekin jendea ateratzen da. Eta horrekin, herriari buelta bat. Gauean kuadrillaka afariak egiten ditugu. Festak behar duena da ongi pasatzea eta bakea egon dadila.
Bi festa dauzkazue, orain tripotxak eta tripotak bestean.
Tripotak sanklementetan da. Etxe batzuetan egiten dute. Baina hori ere galtzen ari da. Adinekoak hiltzen ari dira eta gazteak ez dute egiten. San Klemente festetan, ostiralean, tripoteoa egiten dugu frontoian. Tripota, soil-soila, ogi zati baten gainean eskaintzen dugu. Eta jende pila etortzen da jatera. Hamabost kilorekin hasi ginen eta orain ia berrogei dira. Eta dena bukatzen da. Garai batean tripazopa egiteko ohitura zegoen. Baina da oso... Koipe guztia ogiarekin jartzen da. Ogi osoak saldan behatu eta gainetik baratxuri erreak eta koipe hori guztia bota eta jan. Joan zen urtean, kapritxoz, batek eskatu zidan: Jose Luis Rebordinos Miramon, Zinelamdiko zuzendaria zena. Eta Etxarri Aranazko Derryn jan zituen. Hemengo lagun baten bitartez izan zuen tripazoparen berri.