Astekaria

"Bizi lasaia dut orain; baina ardiak umatzen hastean, esango dizut"

Alfredo Alvaro Igoa

Leire Etxeberria Jaka zaldia eta behiekin.

Leire Etxeberria Jaka abeltzaina, senarrarekin batera Lurzuri elkartea sortu zuen. Biek aurreko lana utzi eta abeltzaintzan hasi ziren.

Haiena "familia abeltzaintza" da.

1. Zer da familia abeltzaintza?
Gure familia osorik, gu eta gure bi ume eta erdiak (haurdun dago), honetatik bizi garela. Ez dugu beste diru sarrerarik, hau da dugun bakarra. 

2. Zereginak banatuta dituzue?
Nik momentu honetan ezin dut ez pisurik hartu, ez esfortzu arrarorik egin. Geroz, nire zeregina, momentu honetan, umeez arduratzea da. Eta bordan ahal dudan guztia laguntzen diot. Administrazio arlo guztia nik egiten dut. Hor ere lana dago, ordu asko sartu behar dira. Eta obra egiten ari garenez, arkitekto, eraikitzailea, udala eta guztiekin hitz egitea tokatzen da. Eta senarra, batez ere, ardiekin gora eta behera ibiltzen da. 

3. Familia eta laneko zereginak uztartzeko, nola?
Gure etxean lehentasuna umeek daukate. Umeei kasu egiteko lana momentu batean utzi behar bada, utzi egiten da. Eta, gero, ahal denean, bueltatzen da lanera. 

4. Betidanik zarete abeltzainak?
Senarrarekin hamar urte daramatzat. Lehenengo zitan Urbasan bukatu genuen, ihes egin zion ahariko bat bilatzen. Berak fabrika batean lan egiten zuen, eta Covid-19ren kontu horregatik sei lankide bota zituzten 2020an. Bera haietako bat zen. Eta, orduan, bera abeltzaintzan hasi zen. Bigarren umea izan nuenean, zalantzak nituen. Zeren irakaslea nintzen Gasteizen eta 18:00etan bueltatzen nintzen etxera, eta ezin nuen dena egin. Aziendarekin lana biondako eta gehiago ere badago. Eta orduan hasi ginen baloratzen biok abeltzain aritzea. Lana uzteko pausoa joan zen urtean eman genuen eta orain biok gabiltza. Partekatutako titulartasun elkartea sortu genuen. Biok gustura gabiltza. 

5. Abeltzain gisa jartzeko, nolakoa da prozesua?
Bere kasuan nahikoa sinplea izan zen, berak bere izenean ardi kopuru bat bazuelako. Autonomotan alta eman eta gutxi gehiago egin behar izan zuen. Ni oraindik gazte kontsideratzen naute, Intiako lehen instalakuntzako ikastaroa egin nuen. Eta elkartea sortzea burokrazia prozesu handia izan zen. Gure etxean ilbeltza kaotikoa izan zen. Baina lortu dugu. 

6. Laguntzaren bat jaso zenuten?
Intiak aholkularitza eskaintzen dizu. Hasten den berri bati aholkulari on bat bilatzea aholkatzen diot. Nire kasuan lortu genuen. Zeren askotan bakarrik gelditzen zara eta fardel dena zuretako da. Nik, behintzat, legeez ez nekien ezer. 

7. Zer azienda duzue?
Artaldea, poniak eta behiak. Auritz arrazako behorrak genituen eta saldu behar izan egin ditugu, denera ez baikinen iristen. Artaldeak ematen duena osatzeko ditugu poniak eta behiak. Gaur egun esnea saldu egiten dugu. Pentsatu izan dugu etorkizunean, umeak hazten direnean, nik denbora gehiago izanen dudala eta, apika, gazta egiten hastea. Momentu horretara iristen garenean, behiak eta poniak soberan izanen ditugu, gaztak bere prozesua du, aparteko lan handia baitu. 

8. Nola pasa duzue uda?
Oso gogorra izan da. Agorrilaz geroztik gaude pentsua ematen. Artaldea Urbasan egoten da. Baizako baltsa lehortu egin zen eta artaldea Marmoleko baltsara (3,7 km-ra) eramaten zuen, egunero, oinez, ardiek bidea ikasi zuten arte. Beste urik ez zegoen. Behiak eta behorrak Aralarren egon dira. Oso-oso gaizki. Lehorte handia izan da. Antza, X urtero errepikatuko da halako uda, hobera ez da joango. Nafarroako Gobernuak iragarri du dirulaguntzak emango dituela, baina sekula ez da izango eragin dizun gastuaren %100. Lagungarria da, bai, baina aparte diru gehiago jarri behar dugu, beti. EHNEko zuzendaritzan nago eta gaiaren jakitun naiz. 

9. Halako uda baten ondoren, azienda umatzen ari da?
Ardiak garagarrilean intseminatu genituen. Hori ere gastua da. Ardiei jaten ematen agorrilean hasi behar izan genuen, umea bota behar zutela ikusten genuelako. Ez dute janik izan. Urbasako zuhaitzen hostoak janda salbatu dira, besterik ez zegoen. Ekografiak irailaren erdialdera egin genizkien eta ongi atera ziren denak. Egin genuen gastu hura orain pixka bat lasaiago egoten laguntzen digu. Duela bi astea artalde osoa, bera bakarrik, Urbasatik jaitsi eta Lizarragan agertu zitzaigun. Eguraldiaren aldaketa nabarituko zuten, ez dakit. Laster umatu behar dutenak etxean utzi genituen eta besteak igo genituen. Eta orain dela pare bat egun berriro jaitsi dira. Denak etxean ditugu. 

10. Lan xamurra da?
Ni, momentuz, gustura nago. Lehen laster batean bizi nintzen. Goizean lanera joan, umeak amona, aitona edo norbaitekin utzi, han lan egin, etxera etorri, etxeko lanak egin, umeekin parkera... Erotuta. Aldaketa da. Baina lasaitasunak ere merezi du askotan. Iristen da momentu bat lanean gustura ez bazaude, aldatu egin behar dena. Bestela, barruan sortzen den gaitz hori nolabait atera behar du. 

11. Zer da gustukoen duzuna?
Oraintxe nire ordutegia nik aukeratzen dudala. Bizi lasaia dut orain. Baina ardiak umatzen hastean, esango dizut.