Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Lau urte eta hiru hilabete behin-behineko espetxealdian egon eta gero, ilbeltzaren 19an epaitu zuten Alberto Garmendia Lakuntza. Gaizkile elkarteko kide, armaz legez kanpo izan eta dokumentuak faltsutzeagatik fiskaltzak sei urteko espetxe zigorra eskatu zuen Garmendiarendako. Epaia hilaren 17an jakinarazi zen eta sei urteko espetxe zigorra jarri zioten lixarrengotarrari. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) jakitera eman digutenez, behin behineko espetxealdian gehienez ere lau urte eta 11 hilabete egon daitekeenez, "beranduenik irailean aterako da espetxetik". Garmendia 2005eko lastailaren 3an atxilotu zuten. Gaur egun Villepinteko espetxean dago preso. Epaiketa zela eta, 35 bat pertsona (arbizuarrak, etxarriarrak eta altsasaurrak) Parisera joan ziren.Presoen bakartzeaAAMk jakinarazi duenez, "azken egunotan preso politikoak bakartzeko helburuan urrats berriak eman dira espetxeetan". Mugimenduaren iritziz, "kolektiboa zatitu eta ezabatzeko helburu argia du abian den espetxe politikak". AAMk jakinarazi duenez, estatuko espetxeetan izan dira aldaketak: Malagan (Jesus Mari Mendinueta) bi modulutan banatu dituzte; Puerto IIIn (Unai Parot) patiora binaka ateratzen dituzte eta osteguna arte hala izanen dela jakinarazi zieten; A Laman (Luis Mariñelarena eta Hodei Ijurko) 5. modulutik bi preso 2. modulura eraman dituzte; Huelvan (Asier Karrera) launaka ateratzen dituzte patiora eta patio orduak ere sakabanatu egin dizkiete eta Valladoliden (Juan Cruz Aldasoro), azkenik, binaka jarri dituzte moduluetan. Bitartean presoen kolektiboa ilbeltzean hasitako oinarrizko eskubideen aldeko borrokarekin jarraitzen du.