Nafarroako Gobernuaren erabaki askeko funtsetik Lizarragabengoako Kontzejuak 20.545 euro jasoko ditu. Horiek hiru lan egitera bideratuko dituztela azaldu digu Jose Manuel Garmendia Lakuntza kontzeju-buruak. Batetik, kanpo santua 39 metro karratutan handitu nahi dute eta 7.000 bat euro bideratuko dituzte lan horietara. Bestetik, elizaren aurreko aldean haurrendako jolas parkea jarriko dute. Hartara 8.000 bat euro bideratuko dituzte.
Eta, azkenik, Bordatxo elkartea eta kontzeju etxea hartzen duen eraikineko ganboikoaren konponketa eginen dute. Garmendiak azaldu digunez, "duela 20 urte obra egin zenean, hura egin gabe gelditu zen". Txukuntzeko garaia heldu zaio, beraz, ganboikoari. Argiteria instalazioa eta lurra leundu eta pinkia ematea da aurreikusia dutena. Behin txukunduta ganboikoa haurrek erabiltzeko edo ekitaldi edo hitzaldietarako erabiltzeko aukera izanen litzatekeela aurreratu digu ere. Lan guztiak urtea despeditu aurretik egin beharko dituzte, Nafarroako Gobernuari laguntzarako paperak aurkezteko.