Astekaria

"Bordatxo elkartea topagune bat da"

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso 2021ko eka. 30a, 14:51
Mikel Azpiroz barraren beste aldean. UTZITAKOA

Lizarragabengoako elkarteak 30 urte betetzen ditu aurten. Lixe eta Mikel Azpiroz egungo juntakideak dira. 

Herritarren bilgunea da Bordatxo elkartea, herrian gertatzen denaren lekuko mutua da

1. Zenbat biztanle ditu Lizarrengok?
Gaur egun 34 biztanle ditu. Asteburutan bat edo beste elkartzen dira. Garai batean, orain dela zenbait urte 40 bageunden. Gurasoen adinean jende gehiago egonen zen. Etxeetan jende gehiago bizitzen zen, ezkontzean alde egiten zuten, baina etxe gehienetan sei edo zazpi pertsona bizi ziren seguru; aiton-amiñenkin eta denak elkarrekin bizi ziren. Kopuru bat esateagatik, ez dakit, 60 edo 70 biztanle izanen zituen. Inoiz gutxiago izan dituen ez dugu uste.

2. Haurrak jaiotzen ari dira?
Aspaldi honetan ez, baina badago Lizarrengon jaio ez baina bertan bizi den emakumezko bat hiru urteko mutiko txiki bat duena. Printzipioz gureak 12 urte gazteenak eta zaharrenak 16 urte dituzte. Etorkizun pixka bat badaukagu, momentuz.

3. Elkarteak 30 urte bete omen ditu.
Printzipioz elkarteak Lizarrengon 30 urte baino gehiago dauzka. Gaur egungo elkarteak 30 urte, bai, baina lehendik bazegoen beste elkarte bat. 49 urte dauzkat eta ezagutu nuen aurrekoa.

4. Beraz, lekuz aldatu zen?
Orain dela 30 urte lekuz aldatu zen. Bestea partikularra zen, bere garaian borda bat utzi zieten, txukundu zuten sua eta barra bat jarriz. Gero elizaren etxea zena obispatuak herriari bueltatu zion eta orduan erabaki genuen kontzejua eta elkartea bertan egitea. Elkarteak Bordatxo izena du zaharra Bordatxo zelako, eta berria ere bai.

5. Aurrekoaz gogoratzen zarete?
Auzolanez nola egin zen, baina gutxi gehiago. Eraikuntzan lanean hasi berri nengoen eta bertan aritu nintzen laguntzen.

6. Elkarte bat egoteko beharra zegoen?
Garai hartako jendeak horrelako lokal bat beharrezkoa zela pentsatuko duzen. Horren jarraipena izan da berria.

7 . Zenbat jenderendako dago tokia?
50 edo 60 pertsonendako lekua dago mahaietan.

8. Zein da elkartearen erabilera edo helburua?
Batzarrak egiteko tokia da. Zerbait baldin badago hor elkartzen gara: herriko kontuak, batzarrak, festetan, gabonetan, kalez kale joan aurretik bertan elkartzen gara ere hortik hasteko. Urte batzuetan bertso saioak eta txapelketaren bat ere egin zen bertan, baina horretaz gain, afariak, gosariak eta horrelakoak egiten dira. Elkargune bat da.

9. Egunerokotasunean jendea egoten da?
Ez da erraza, baina aukera egon daiteke. Jende batzuk gehiago ibiltzen dira eta beste batzuk gutxiago. Azkenean, herriko elkartzeko puntu bat da.

10. Nola antolatzen zarete?
Gu juntan sartu berriak gara aurtengo urtea egiteko. Normalean juntan bi edo hiru pertsona egoten dira, tokatzen zaiena, eta haiek eramaten dute pixka bat elkartearen inguruko guztia. Edaria, mantentzea… Denataz arduratzen gara. Auzolanen bat egin behar denean, deitzen da. 10 edo 15 urtetik behin gutxi gorabehera tokatzen zaigu egitea. Ardura pixka bat da, baina egia esan ez dago masifikazio handirik. Erraz eramaten da. Erraz egiten den lan bat da

11. Urteurrenagatik zerbait berezirik egingo duzue?
Ez dira garai hoberenak ospakizunetan ibiltzeko, baina zer edo zer eginen dugu. Urte guztiak hartu behar dira kontuan.

Erlazionatuak