San Pedro kalearen akaberan dago Lizarragabengoako kanpo santua. Hildakoak lurperatu egiten dituzte Lizarragabengoan. Baina dagokien aldia pasa ondoren lurpetik atera behar dira gorpuak. Halako kasuetan ateratzen diren hezurdurak gordetzeko Lizarragabengoako Kontzejuak hezurtoki bat egin du kanpo santuan. Lan horietara kontzejuak 1.500 euro bideratu ditu.
Bestetik, Erdontzako dermioko bidea konpondu dute. 240 bat metroko luzeran porlana zabaldu dute. Horrela, han dagoen behitegira egunero esne bila etortzen den kamioiaren joan etorriak erraztu dira. Lanak joan den urtean egitekoak ziren, baina pandemiagatik enpresa hartzaileak epea luzatzea eskatu zuen, aurten egiteko. Baina enpresak arazoak izan eta lanari uko egin zion. Beraz, deialdian bigarren gelditu zen enpresak egin ditu lanak. Haiengatik 38.628,29 euro (BEZa kanpo) jaso ditu. Diru horretatik 25.150,12 euro dirulaguntza bidez ordaindu du. Lan hori Etxarri Aranazko Udalak pagatu du, Lizarragabengoako kontzejuarekin duen hitzarmenaren barruan.
Azkenik, kontzejuaren bulegoan pellet berogailua jarri zuten. Baina orain bulegoa eta elkartea banatu nahi ditu kontzejuak, bulegoa itxiz. Egitasmo horretarako 3.218,6 euro gordeta ditu.