Astekaria

“Saiatzen gara giro goxoa sortzen, eta gustura etortzen dira”

Guaixe 2023ko urr. 10a, 13:00
AEK-ko irakasleka euskaltegian klaseak prestatzen. Amaia Iparragirre, Aitziber Irigoien, Patxi Flores eta Idoia Artieda.

Lastailarekin batera hasi du AEK-k ikasturtea. Zalantzan dagoenak, oraindik ere euskara ikasteko izena eman dezake. Hala jakinarazi du Sakanako AEK-ko arduradun Patxi Flores Lazkozek.

Sakanako AEKn euskara ikasten 135 bat ikasle daude 16 taldetan banatuta. Ikasturtea asteartean eta asteazkenean hasi zuten taldeek: Irurtzunen 4, Etxarri Aranatzen 1 eta Altsasun 11. Zortzi irakasle ari dira ikasle horiek guztiak euskalduntzen.

Euskara hurbil, zu urrun heltzeko. 
Bai, aurtengo matrikulazio kanpainaren leloa da. Jendeak jakin dezan hemen gaituztela euskara ikasi edo dakitena hobetu nahi badute. Edo mintzakide programan sartu nahi duenak beti aurkituko duela lagunen bat. Ikasle kopuru txukuna daukagu, kanpainak eragina izan du, urruneko jendea ere hurbildu zaigu.  

Zer moduzko hasiera izan da? 
Irail akabera eta lastaila hasiera beti zaila izaten da, nekagarria. Ikusi dugu matrikulazio kanpainaren emaitza txukuna atera zaigula. Nekagarria izanda ere, aurrera egin dugu, eta behin ikasturtea hasiz gero, errodamenduek aurrera egiten dute, nahikoa ongi olioztatuta daude. 

Jendea euskara ikasteko gogoz? 
Bai. Pertsona batzuek goi mailan luze daramate. Erdi mailan ere. Horiek gure oinarria dira. Aurten hasiera mailako hiru talde sortu ditugu: 2 Altsasun, goizean eta arratsaldean, eta Irurtzunen arratsaldez. 

Hezkuntza sistemak ezagutza zabaldu duenez, halako taldeak sortzea zaila da, ezta?
Gazteren bat tarteka hasiera edo erdi mailetara etortzen zaigu, baina gazteak C1, EGA, ateratzera etortzen dira. Hasiera mailetara, eta beste mailetara ere, gero eta jubilatu gehiagok ematen dute izena. Hasiera mailetan jubilatuak eta kanpoan jaiotakoak daude aurten. Bestela, batzuk etortzen dira lan egin ondoren euskara ikastera. 

Jubilatuena. Zahartze aktiboa? Edo iloben zaintza?
Batzuek euskara ikasteko nahia gordeta izan dute. Lana, ilobak... Momentu batean esaten dute: tarte hau niretako da. Jendeak ikasten du. Batzuei gehiago kostatzen zaie, besteei gutxixeago. Baina batzuk terapia gisa etortzen dira; ez dakit ilobek lan handia ematen dietelako... Gure helburu nagusia euskara irakastea da. Baina saiatzen gara giro goxoa sortzen, eta gustura etortzen dira. Giro ona dago, eta hurrengo ikasturtean etortzen dira. Azken urteetan hori lortu dugu: garagartzaroan aurrematrikula kanpainatxoa egiten dugu, hurrengo ikasturterako zein asmo duten jakiteko. Askok, ehunen batek, segitzeko asmoa zuela esan zuen. Uste dut zeozer ongi egiten dugula, jendeak zeozer ikasten du eta gustura etortzen da. Aurrematrikula merkexeago dela dakiten batzuek ere, sei bat, garagartzaroan eman dute izena. Irailean hasiera eta beste maila batzuetakoak etortzen dira matrikulatzera. Klaseak hasi eta gero beti etortzen da jendea, batzuek dagoen eskaintza ikusi ondoren. Edo beranduago, lanagatik edo beste kontu batzuengatik. 

Sakandar berriek ere AEKrako bidea ikasi dutela esan duzu.
Bai. Kanpotik bizimodu hobexeagoa edo duina lortzeko etortzen dira. Baina euskararen munduan sartzeko denbora eta diru pixka bat behar duzu. Izena emateko lehenbizi ordaindu egin behar da. Baten batek beti esaten digu matrikula ezin duela ordaindu. Egonkortasun sozial eta ekonomiko pixka bat behar dute salto txiki bat egiteko. Espainia aldetik etorri direnak, errazago, hain salto handia ez delako. Gu saiatzen gara ordaintzeko bideak errazten. Aurten edo joan den urtean iritsi diren batzuk etortzen zaizkigu, bertan euskara hitz egiten delako, edo euskara nabarmenago dagoen Arbizun edo Etxarri Aranatzen bizi direlako. Aurten hiruzpalau unenuar ditugu. Euskara ikasi nahi dute jendearekin euskaraz hitz egiteko. 

“Bataz beste, matrikularen kostuaren %85 kobratzen dute ikasleek”

Matrikula pagatu behar da, baina dirulaguntzak ere badaude?
Nafarroako Gobernuaren, Sakanako Mankomunitatearen eta udal batzuen dirulaguntzak daude. Gutxieneko asistentzia badu, ikasleak laguntza jasotzen du. Mankomunitatea hasi zen. Horrekin matrikularen %40-50 ordaintzen zuten ikasleek. Jendeak euskara ikastea nahi zuten udal batzuk dirulaguntza osagarria ematera animatu ziren. Azkenik, Nafarroako Gobernua hasi zen, hasieran oso partida kaxkarrak ziren. Gobernutik joan zen urtean erdia kobratu zuten (ordainketa udan), Mank-ena pixka bat jaitsi da (iraila-lastaila). Bataz beste, matrikularen kostuaren %85 kobratzen dute ikasleek. Udalek ematen badu (lastaila-azaroa), ia-ia osoa. Jakinda hasieran inbertsio hori egin behar dela. 

Doakotasunerako pausoak ematen ari dira. 
Hori da. Matrikula ordaindu behar da, baina gutxienez ziurtasuna duzu inbertsio egin eta handik urtera berreskuratuko duzula. Urte bat izan daiteke tarte luzea edo tarte motza. Garai batean zati bat bazegoen, baina, Sakanan behintzat, proportzio handian. Beste eskualde batzuetan badago. Iruñetik behera, udal batzuk ere bai. Gero Errigoratik lortzen den dirua... Nafarroan gero eta zabalduago dago laguntzen kontua. 

Oraindik ere izena eman daiteke? 
Bai. Beranduxeago etorrita ere, jendeak aukera izanen luke talde taldeetan sartzeko.

“Beranduxeago etorrita ere, jendeak aukera izanen luke taldeetan sartzeko”

Jendea elkartuz gero, edozein herritan sortu daiteke taldea, ezta?
Bai. Izan ere, aurten ez, baina Arruazun talde bat izan genuen. Herritar kuadrilla elkartu zen, udalak tokia, ikasleendako diru laguntzak eta erraztasunak jarri zituen, eta 3 urtez-edo egon ziren. Pentsa, ehun biztanle eskas dauzka Arruazuk! Kontua da 7 pertsona behar direla taldea sortzeko. Jakina, batek huts egiten badu, zaildu egiten da herri txikietan. Irurtzunen sortu dugun azken taldearen adibidea. Hasieran ez zegoen nahikoa jenderik. Bilerarako deialdia egin genuen kartel bidez. Pozten naiz. Bi lagun berri ailegatu ziren. Jubilatu bat oporretatik etorri, kartela ikusi eta bilerara joan zen. Horrela sortu zen taldea. 

Taldea sortu edo izena emateko, zer egin behar da?
Itsasi euskaltegitik pasa (Altsasuko Gartzia Ximenez kaleko 46. zenbakia) edo 607 624 392 telefonora hots egin edo sakana@aek.eus helbide elektronikora idatzi dezake. Bestela, www.aek.eus webgunean sartzea dute. Jendeak udan egiten du. Datuak sartu eta guk jasotzen dugu eskaera, eta haiekin harremanetan jartzen gara. Bide asko daude. Beti saiatzen gara erantzuna ematen, bere maila eta ordutegira egokitzen. Gero badaude denbora faltagatik edo dena delakoagatik autoikaskuntzan sartzen direnak. Irakasle bat jartzen zaio eta etxeko lanak egin behar ditu. Ondoren tutoretzak eta mintza saioak daude, eta, horretarako, euskaltegira etorri behar du. Baina autoikaskuntza garestiagoa da eta diziplina eskatzen du. Euskara online ikasteko aukera ere badago. 


Sakanako AEKren eskaintza

Maila ordutegia egunak

Irurtzun
  • Hasiera 17:00etatik 19:00etara astelehen eta asteazkenetan.
  • A2 09:30etik 12:30era astearte eta ostegunetan.
  • B1 15:00etatik 16:30era astelehenetik ostegunera.
  • B2 09:15etik 12:15era astearte eta ostegunetan.
Etxarri Aranatz
  • B2 15:00etatik 16:30era astelehenetik ostegunera. 
Altsasu
  • Hasiera 09:20tik 12:00etara astelehen, astearte eta ostegunetan.
  • Hasiera 17:00etatik 19:00etara astelehenetik ostegunera.
  • A1 17:00etatik 19:00etara astelehenetik ostegunera.
  • A2 18:00etatik 20:00etara astelehenetik ostegunera.
  • A2.2 19:00etatik 21:00etara astelehenetik ostegunera.
  • A2.2 09:00etatik 11:40era asteartetik ostegunera.
  • B1 09:00etatik 11:40era asteartetik ostegunera.
  • B1 17:30etik 20:10era astelehenetik asteazkenera.
  • B1.2 09:20etik 12:00etara asteartetik ostegunera.
  • B2 19:00etatik 21:00etara astelehenetik ostegunera.
  • EGA 17:00etatik 19:00etara astelehen, astearte eta ostegunetan.