Astekaria

"Xakeak beste jarrera bat eskatzen du, baina asko gozatzen dugu"

Maider Betelu Ganboa 2025eko otsailaren 6a

Koldo Flores Lazkoz hirugarren sailkatu zen berriki Etxarri Aranatzen jokatutako 24. Sakanako Xake Txapelketan.

Zaldi Beltza Xake Taldeko sortzaileetako bat da Koldo Flores lizerrengotarra. Taldera batzera animatu ditu sakandarrak

Sakanan xakeak izen bat du: Zaldi Beltza Xake Taldea. Koldo Flores Lazkoz da sortzaileetako bat, beste sakandarrekin batera, eta oraindik xakearekin guztiz harrapatuta jarraitzen du. Sakanako Xake Txapelketan hirugarren sailkatu zen, eta sakandarrak taldera gerturatzera gonbidatu ditu.

Non ikasi zenuen xakean jokatzen?
Etxean ikasi nuen, anaiarekin, baina handik urte batzuetara, espetxean nengoela, hasi nintzen fundamentuz xakean. 8X8 aldizkaria erosten nuen, eta xakeari buruz asko irakurtzen nuen. Atera nintzenean xake torneoetan parte hartzen hasi nintzen. Mikel Markotegi etxarriarrarekin Iruñera joaten ginen txapelketetara, baina talderik gabe, gure kontura. Denborarekin, jendea ezagutu, eta Iruñeko Arrano elkartea taldearekin hasi nintzen jokatzen. Orduan Sakanatik Mikelek eta biok parte hartzen genuen txapelketetan; geroago batu ziren besteak.

Sakanako hainbat xakelari elkartu zinetenean erabaki zenuten Zaldi Beltza sortzea?
Bospasei urte egin nituen Arranon jokatzen, eta orduan hasi ginen Sakanan taldea ateratzeko aukera egonen ote zen aztertzen. Xakean aritzen zen jendea ezagutzea eta egitasmoaren propaganda egitea ez zen erraza, eta Olaztin Sakanako Txapelketa bat antolatzea erabaki genuen; hau ez zen gaur egun Sakanako Mankomunitatearekin batera antolatzen dugun txapelketa, gure kabuz antolatutakoa baizik. Hogei lagun baino gehiagok eman zuten izena, guztiak sakandarrak. Batzuek ideia gehiago zuten, beste batzuek gutxiago... denetatik zegoen. Handik taldea sortzeko oinarria atera zen. 90. hamarkadan izan zen.

Taldearen izena ezin hobea da: Zaldi Beltza. Nori bururatu zitzaion?
Niri. Lehendik ardi beltzak bazeuden, ordutik aurrera zaldi beltzak baita ere (kar-kar).

Zer egiten du zaldi beltzak xakean?
Eramaten duzun tokira joan (kar-kar). Ez da oso pieza garrantzitsua. Erregea, erregina, gaztelua, eta gero alfila eta zaldia da, gutxi gorabehera, pieza esanguratsuenen ordena. Zaldia L itxuran mugitzen da.

Xakea borroka bat da. 
Bai, erregea hil edo jan behar duzulako.

Zaldi Beltza taldea sortu bezain pronto, Nafarroako Xake Txapelketetan eta bestelakoetan lehiatzen hasi zineten. 
Hasiera hartan izan genuen talderik indartsuena. Etxarri Aranazko udalean lan egiten zuen iruindar bat eta Arabako bat gurekin hasi ziren, eta maila oneko taldea lortu genuen, garrantzitsuena. Xakean maila ezberdinak daude, eta gu lehen mailara iritsi ginen, urteak egin genituen maila hartan, eta maila ona ematen, gainera. Ongi aritzen ginen. Sebas Insausti, Alberto Urkia, Juan Andres Cerro, Cesar Razkin, Mikel Markotegi.... talde ona genuen.

Aldi berean Andra Mari ikastolan xake ikastaroa ematen hasi zineten.
Jexus Senar Andra Mari ikastolako soin heziketako irakasleak sustatu zuen ikastaroa eta urte luzez eskaini genuen. Cesar Razkin, Sebas Insausti, Alberto Urkia, ni neu... aritu izan gara xakearen hastapenak irakasten, astero ordu batez. Hasieran 40 ikasle inguru animatu ziren, eta gero kopurua jaisten hasi zen, baina gustura aritu ginen. Sebas Insausti ere Etxarri Aranazko eskolan aritu zen klaseak ematen. Kontua zen bukaeran ikastaro orduak deklaratu behar zirela eta arazoak sortu ziren, guk beste lanbide batzuk genituenez ez zelako bideragarria; azkenean utzi genuen.

"Lehendik ardi beltzak bazeuden, gure taldea sortzetik aurrera zaldi beltzak baita ere"

EDOZEINEK JOKA DEZAKE
Xakean jokatzea zaila da?

Ona izatea zaila da, baina jokatzea ez. Edozeinek jokatu dezake, arauak erraz barneratu daitezke. Gero ona edo txarra den, hori beste kontu bat da. Zu nolako jokalaria zaren eta nola planteatzen dituzun estrategiak, hori da kontua. Eta zenbat denbora eskaintzen diozun.

Zer egin behar da ona izateko?
Ordu asko sartu. Lehen, 8x8 eta halako aldizkariak eta bestelako teoria eta jokaldiak irakurtzen genituen, baina orain dena dago ordenagailuan. Talde garrantzitsuek, esaterako Oberenak, gazteak trebatzeko irakasleak dituzte liberatuta, 12, 13 edo txikiagoak diren neska-mutilak trebatzeko.  

Xakeak dedikazio asko eskatzen du?
Zuk eman nahi diozuna edo ahal duzun dena.

Xake modalitate asko daude: partida luzeak, ertainak, motzak...
Txapelketa antolatzaile bakoitzak, federazioak edo klubak, erabakitzen du nolako txapelketa nahi duen. Partida normalak agian ordu bat edo ordu eta erdikoak dira. Sakanako Xake Txapelketa 15 minutukoa da.

"Xakean jokatzea ez da zaila; ona izatea da zaila. Ona izateko ordu asko sartu behar dira"

Partida azkarretan berehala di-da hasi behar duzue piezak mugitzen?
Azkarregi mugitzen baduzu eta okertzen bazara, partida galduko duzu. Oreka bat lortu behar duzu. Motzen barruan badaude ere 5 minutuko partidak. Lehen jokatzen genuen, baina nik aspaldi ez. Nafarroan neurri guztietako partidak antolatzen dira. Zaldi Beltzakoak lehen modalitate askotan aritzen ginen: taldeka, partida azkarretan, talde bat beste baten kontra... Zein taldek atera dituen puntu gehiago baloratzen da.

Sakanako xakelari guztiak Zaldi Beltza taldean zaudete?
Gehienak bai, baina batzuk Iruñeko edo Gipuzkoako bestelako klubetakoak dira: Ismael Anton Legazpikoa, Santi Gonzalez Grosekoa, gaztetxo batzuk Oberenakoak... Bere garaian talde bat sortu zen Altsasun, Laukia izenekoa, baina ez zen aurrera atera. Altsasuarrak ere Zaldi Beltzakoak dira: Cerro, Castellano, Barriga, Lizarraga... Egun sei-zazpi lagun gara Zaldi Beltzan, Cesar Razkin, Sebas Insausti eta ni neu kontuan hartuta.

Taldekako txapelketetan lehiatzeko zailtasunak dituzue.
Taldekako txapelketetan lehen zortzi xake taulatan jokatzen zen, beraz talde bakoitzeko zortzi pertsona behar ziren, eta egun sei xake taulatan jokatzen da. Beraz, ziurtatu behar duzu txapelketak irauten duen epean astebururo sei xakelari aurkeztea, norbaitek huts egiten badu partida galdua ematen baitzaio taldeari, gehi santzio puntu bat. Jende asko behar da, eta taldeka urte asko egon gara ezin lehiatu.

Beraz, sakandarrak Zaldi Beltzara hurbiltzea animatuko ditugu?
Jakina! Nafarroako talderik onenak Iruñea eta Tutera ingurukoak dira, lauzpabost talde. Zaldi Beltzekoek nahi duguna da txapelketetan jokatzea, besterik ez. Hortaz, norbaitek gurera etorri eta xakean jokatu nahi badu, ateak zabal-zabalik dauzka. Xakean ez dago adin mugarik; beraz, edonor animatu ahal da.

SAKANAKOAN HIRUGARRENA
Abenduan Etxarri Aranazko Larrañeta elkartean jokatutako 24. Sakanako Xake Txapelketan hemeretzijokalariren artean hirugarren sailkatu zinen. Goian egotea espero al zenuen?
Ez. Hor suertea behar da. Honekin jokatu, bestearekin jokatu, ezberdina izaten da. Partida parekatzeak ELO puntuazioko rankinga kontuan hartuta egiten dira. Sakanako Txapelketa egunean 1713 ELO puntu nituen. Lehen puntuazioari garrantzia ematen nion, baina orain ez. Puntu gehien 1750etik gora izan nituen, aspaldi. Txapelketetan jokatu ahala zure puntuazioa aldatzen eta eguneratzen doa, etengabe. Zure parean dagoen norbaitekin galtzen baduzu, puntu gutxi galduko dituzu, baina zu baino askoz ere txarragoa den batekin galduz gero, ELO puntu dezente galduko dituzu. Sakanako Txapelketan ni hasierako rankingean bederatzigarren nintzen. Eta hirugarren gelditu nintzenez, ELOan igo nintzen, eta egun 1717 puntu ditut. Gainera, hirugarren posturako hiru puntutara berdinduta geratu ginen, eta berdinketa haustea niretako izan zen.

Hori nola egiten da?
Berdinketa hausteak egiteko formula edo sistema ezberdinak daude, hiruzpalau. Txapelketa bakoitzak aurretik zehaztua du zein sistema erabiliko duen. Puntu berdinak daudenean, sailkapena zehazteko erabiltzen da.

"Lehen xakean nuen ELO puntuazioari garrantzia ematen nion, baina orain ez"

Irabazlea Joseba Otano izan zen. 
Aspaldiko ezaguna da, Arrano taldeko aspaldiko kidea. Nire atzetik Iraitz Mauleon etxarriarra sailkatu zen, eta gainontzekoak errenkadan.

Sakanako txapelketan jokalari gazteak faltan bota genituen.
Sakanako Txapelketak badu oihartzuna Iruñerrian. 40tik gertu egon izan gara parte hartzen. Aurten Nafarroako Xake Federazioak gure txapelketaren egun berean 12, 14 eta 16 urtez azpiko Nafarroako Txapelketa antolatu zuen, eta guretako labankada bat izan zen, gazte horiek faltan bota genituelako, tartean sakandarrak. Eta pena izan zen, jendea gustura etortzen delako Sakanako Xake Txapelketara. Urtero Sakanako herri ezberdinean izaten da, elkarrekin bazkaltzen dugu... gustura egoten gara.

ORDENAGAILUAN, "GEHIEGI"
Zer nahiago duzu, beltzekin edo txuriekin jokatzea?
Berez, txapelketetan tokatzen zaizkigun fitxekin jokatzen dugu. Ni ez naiz superstiziosoa, baina berez, partida irteerak oso prestatuak izaten dituzten jokalariek beti zuriekin jokatzea nahi izaten dute, partidetan beti zuria hasten delako.

Zein da zure idoloa?
Ez naiz mitomanoa, baina Anatoli Kárpov oso gustukoa nuen. Egun, munduko txapelduna Dommaraju Gukesh hindua da. Orain arte munduko txapeldun izan den gazteena da, 18 urterekin izan baita. Txapelketa hauek jarraitzen ditut; gutxienez informazio pixka bat izatea gustuko dut. Baina benetan gustuko dudana da Garak astebururo kaleratzen duen xakeari buruzko jokoa egitea da. Bi egoera desberdin jartzen dizkizute, bi xake taula, eta esaten dizute horietako batek partida irabazi duela. Eta irabazleak egin duen jokaldia asmatu beharko duzu. Bi, hiru edo lau jokaldi izaten dira, eta egitea gustuko dut. Bestalde, jokatu den partida bat ere jartzen dute Garan, eta partida osoa eta azalpenak jartzen dituzte. Mikel Zubiak betetzen du Garako toki hori, eta gustuko dut. 

Ordenagailuan xakean jokatzen duzu?
(Kar-kar) Gehiegi!

Asko ikasten al da?
Ordenagailuan jokatzeak arrisku bat du: badakizu partida bukatzen denean beste bat duzula eta, orduan, ez duzu zure burua horrenbeste estutzen, ez duzu %100ean jokatzen. Ikasi, berez, ez. Beste jokalari batekin jokaldiak komentatzen eta irakurtzen ikasten da.  

Xakearekiko zure zaletasunak bere horretan jarraitzen du?
Bai. Lehen gehiago aritzen nintzen. Partidak jokatu eta hurrengo egunean batez ere Sebasekin biltzen ginen partiden mugimenduak errepasatzeko: akatsa non egin genuen ikusi, eta zer egin behar genuen aztertzeko. 

Xakelariak pixka bat bereziak omen zarete, espezialak..
Ez ba! Xakean jokatzea ez da ohikoa, beste jarrera bat eskatzen du. Errazagoa da bestelako kirol batzuetan aritzea. Hau zailagoa da, baina disfrutatzen dugu. Edozeinek joka dezake xakean, eta Zaldi Beltzekoek ateak zabalik dauzkagu. 

ZALDI BELTZARI, EUTSI
Sakanako Zaldi Beltza nola ikusten duzu? Eta xakea Sakanan?
Nekez. Egon da jendea utzi duena, baina hasi ginenak jarraitzen dugu, eta batu direnekin batera tenkor eusten diogu. Xakean jokatzea burua erne mantentzeko aukera ederra da.