Hizkuntza ohiturak elkar mugituz aldatzeko ariketa da Euskaraldia. Euskarari hauspoa eman eta bere erabilera handitzeko nork bere erronkak gainditu nahiko ditu, konpromisoak gauzatu. Erabat euskalduna izanen den herriarekin amestuko duenik izanen da. Halako herri bat bada Sakanan: Lizarragabengoa. Euskaraldirako hilabete falta dela, bi herritarrekin euskarak han duen egoeraz hizketatu gara.
Orain arteko Euskaraldiez zer iritzi?
Koldo. Alde batetik, beharrezkoa da. Beharbada hemen ez, baina Euskal Herri osoan bai. Pentsatzen dut urtero egite horretan jende batek emanen duela pausoren bat euskararen aldeko jarreran.
Teresa. Iritzi ona dut. Lizarragabengoan, egia esan, ez da behar, denek hitz egiten dugulako euskaraz. Lizarragabengoa arigunea da. Baina, oro har, iritzi ona dut.
Aurreko Euskaraldiak Lizarragabengoan sentitu dituzue?
T. Oso ongi. Kontzejuko presidente gisa kontzejuan gaia atera nuen, azaldu nuen zer egin behar zen, eta ez nuen espero ia herri osoak Euskaraldiarekin bat egitea. Bizpahiru edadetu izan ezik, gainontzeko guztiek eman dute izena. Erantzuna oso ona izan da.
K. Ez. Beno, txaparen kontu hori, eta jakin zertan dagoen Euskaraldiarena. Euskaraz gehiago egitearena? Denok egiten dugu. Ez dago gehiago egiterik.
Egitarauren bat prest duzue?
K. Afariren bat, edo merenduren bat egiten dugu.
T. Normalean Euskaraldia hasi behar denean Bordatxo elkartean elkartzen gara beti, eta afaria egiten dugu, ekitaldiari hasiera emateko.
Lizarragabengoan euskaraz bizi zarete?
T. Bai, guztiz. Denak gara euskaldunak.
K. Hala da, bai.
Euskara ikasten ari denik bada?
K. Ez.
T. Ni euskaldun berria naiz, baina gehienak euskaldun zaharrak dira. Nik txikitan dena gazteleraz ikasi nuen. Nik gurasoei beti esaten nien euskaraz ikasi nahi nuela. Hemen, AEKn hasi nintzen, gero Lazkaora joan nintzen, EGA titulua atera nuen, Irakasle ikasketak ikasi nituen... eta oso-oso pozik.
Zergatik bizi zarete euskaraz, berezko gauza naturala delako edo kontzientzia dagoelako?
T. Bi gauzak batzen dira. Batetik, naturaltasunez, horrela bizi dugulako, baina baita ere kontzientzia dagoelako, euskara gure hizkuntza delako eta zaindu behar dugulako.
K. Bi gauzengatik. Beti pentsatu dugu euskaldunak garela, gure hizkuntza hau dela. Gauza xinplea.
Euskaraldian herriko zenbatek eman izan dute izena?
K. Ez dakit, baina dezentek! Gehienetan herri guztiak ematen du izena. Gutxi gara, eta errazagoa da. Eta kontzientzia bat dagoen seinale da.
T. Momentuz, 30en batek. 34 gara, beraz, herri guztiak. 16 urtetik azpikoek ezin dute izena eman, beraz, esan daiteke guztiek. Euskaraldian, gaztetxoenei beti Euskaraldiko txapa zaharrak ematen dizkiegu.
Lizarragabengoa, berez, Arigune izan daiteke.
T. Bai, egia da. Orain arte ez dugu sekula egin, baina pentsatzekoa da (kar, kar).
K. Bai. Dudarik gabe, euskara lasai hitz egin daitekeen herri bat da.
"Euskaraz bizitzea normala da guretako, baina oso pozik gaude, edozein herritan ez delako euskara horrenbeste entzuten"
Aurrekoetan zein rol aukeratu dute lizerrengotarrek?
K. Ez nizuke esanen.
T. Denak Ahobiziak gara. Lehen bazegoen neska bat Belarriprest zena, baina joan zen urtean alokairua utzi eta joan zen. Beraz, denak Ahobiziak gara.
Euskaraz bizi den herri batean Euskaraldiaren premiarik dago?
T. Nire ustez ez, baina gu beste herri batzuetara joaten gara eta, alde horretatik begira, bai.
K. Bai. Beti ongi dago gogoraraztea. Egon daitezke jarrera batzuk. Esaterako, herritik kanpo euskalduna ez den beste jende batekin egon eta jarrera batzuk hartzea, erdarazkoak. Beti ere gogoraraztea zer garen ongi dago.
Lizarrengotarra herrian babestuta sentitzen da, eta kanpoan ez.
K. Euskaraz ez dakitenekin-eta. Denborarekin ikusten duzu batzuek lehen pixka bat erdaraz egiten zuela eta orain pila bat. Horrelakoak badira. Eta, horretarako, tentsio pixka hori mantentzeko Euskaraldia ongi dago.
T. Guk ez dugu dendarik eta Arbizura, Etxarrira, Altsasura... edo hirietara joaten gara. Beraz, garrantzitsua da Euskaraldiaren transmisio hori. Nik uste dut horretarako txapa eraginkorra dela. Euskaraz aritzeko kontziente izateko.
Lizarragabengoa bezalako herrietan euskara sustatu beharra dago?
K. Bai.
T. Ez dut beharra ikusten.
Euskararen Eguna ere ospatzen duzue.
T. Normalean elizako atarian elkartzen gara, euskararen inguruko abesti bat aukeratzen dugu, abesten dugu eta gero auzatea egiten dugu.
K. Giro onean ibiltzen gara, eta egiten ditugu hemengo bilerak eta bestelakoak. San Frantzisko egunean urtero elkartzen gara. Erraz biltzen gara, eta mahai baten bueltan gustura egoten gara.
Euskaraz normal bizitzen segitzeko gorabeheren bat baduzue?
T. Ez. Herritik kanpo, bai, ordea. Erosketak direla, ikasketak, zerbitzuak, administrazioa...
K. Berez, badago jende bat hemen etxea erosi zuena eta noizean behin etortzen dira, eta erdaldunak dira.
Telefono mugikorrak, Interneterako nabigatzailea, horiek nola dituzue?
K. Euskaraz jarrita ditut.
T. Nik Interneteko nabigatzailea eta dena euskaraz dut, Gmaila, ikastolakoa... horrela ohitu naiz. Orain ikastaroa egiten ari gara Nafarroako Gobernuan, informatikakoa. Zenbait gauza gazteleraz agertzen dira, eta nahiko galduta nago...
Konturatu gabe etor daitezke aldaketak. Udalerri euskaldunenak erdalduntzen hasiak dira. Lizarragabengoa?
T. Bai. Lizarragabengoan ez dut ikusten. Baina egia da haur txikien artean gaztelera gero eta gehiago entzuten dela. Hori errealitate bat da, ez dakit zergatik, baina telebistak sekulako eragina du. Nik etxean haurrei ingelesez jartzen diet. Nahiago dut ingelesez ikasi dezatela; gazteleraz ikasiko dute.
K. Ez. Horrelakorik ez gertatzea ez nuke ezta pentsatu nahi ere.
Beraz, hori izan daiteke erronketako bat? Haur horiek euskarara erakartzea?
T. Bai.
"Denok baldin badakigu ere, jendeari birgogorarazteko euskarari eutsi behar diogula"
Euskararen erabileragatik, Lizarragabengoa izan daiteke beste herri batzuk begiratu beharreko ispilua?
K. Balitz, hobe! Beste batzuek ikusteko posible dela euskaraz bizitzea. Zalantzak dituztenak, hizkuntza ikasten irrika handirik ez dutenak... Bai, ispilu izan gaitezkeela pentsatzen dut.
T. Baietz uste dut. Etxarri Aranatzen erdara bizi dago; gazteen artean asko entzuten da. Arbizun ere bai, baino gutxiago. Eta Altsasun izugarria da. Ni oso urduri jartzen naiz. Haur eta gazteak gazteleraz entzuten ditudanean...
Eredu izate horrek euskarari eustea behartzen du? Ez lasaitzera?
T. Zer egin gazteengana iristeko, haurrengana... ez dakit nola egin hori lortzeko. Zaila da. Askotan hitz egin dugu horri buruz. Haur batek etxean gaztelera entzuten badu, zaila da. Dena ez da telebista, faktore asko daude.
K. Hala da, bai.
Lizarragabengoan euskaraz bizi zarete. Herritarrei zer sentipen sortzen dizue horrek?
T. Guretako da normala. Gure hizkuntza da, orduan... Baina pozik gaude, edozein herritan ez delako euskara horrenbeste entzuten. Arbizun euskara ere asko entzuten da, baina Arbizutik Etxarrira sekulako aldaketa dago. Ea Euskaraldiak hizkuntza ohiturak aldatzeko balio duen. Nik uste baietz! Erein behar da, baina ez bakarrik hamar egun horietan. Euskaraldia bukatzen denean baita ere. Ea lortzen dugun!
K. Hemen beti horrela izan da. Guretako normaltasuna hori da. Soinu pixka bat arraro egiten duena da kanpotik erdaraz hizketan edo galdezka etortzen dena. Hura da desberdina. Beti egin duguna egin dugu. Orain kanpaina hau egitea, ongi. Denok baldin badakigu ere, jendeari birgogorarazteko euskarari eutsi behar diogula.
Laburrean
Koldo Flores Lazkoz
Ahobizi
Zergatik Ahobizi?
Gure hizkuntza da. Beti egin dugu horrela, eta horretan segitzeko. Kontuan izanda herriak horretarako ematen duela, denok euskaldunak gara.
Aurreko Euskaralditik aldatu duzu rola?
Ez.
Txapa jartzen duzu?
Bai.
Zergatik?
Beste herri batzuetan jendeari adierazteko euskararen inguruan zerbait mugitzen ari dela. Onuragarria da.
Txapa eraginkorra suertatu da noizbait?
Ez.
Euskaraldi honetan zeure buruari zer erronka jarri diozu?
Ez diot jarri. Aurreragokoetan ezta ere.

Teresa Goikoetxea Arregi
Ahobizi
Zergatik Ahobizi?
Kontrolatzen dudalako aukeratzen dut rol hori. Lizarragabengoan denok euskaraz hitz egiten dugu. Kanpotar batzuk daude eta batzuetan, nahi gabe, erdaraz. Badakizu erdaldunak direla. Kontzienteki hori aldatzen ari naiz. Euskaraldian egiten dut. Baina pasatzen denean joaten zait eta berriro lehengora bueltatzen naiz.
Aurreko Euskaralditik aldatu duzu?
Ez.
Txapa jartzen duzu?
Bai.
Zergatik?
Esaterako, erosketak egitera joaten naizenean, ohartu naiz kutxazaina begira gelditzen dela. Bi urtetan ongi funtzionatu du, bai.
Txapa eraginkorra suertatu da noizbait?
Bai. Kutxazainarekin, normalean, beti erdaraz hitz egiten nuen. Bera Belarriprest zen, eta esan zidan: saiatuko naiz. Baiezkoarekin erantzun nion.
Euskaraldi honetan zeure buruari zer erronka jarri diozu?
Beharbada telefonoarekin. Deia ikustean, deitzen duenaren arabera, erdalduna bada, askotan hizkuntzaz aldatzen dut. Ohitura hori bai aldatu behar dut. Bai, esan. Hori ulertzen da. Eta, beharbada, berak euskaraz pixka bat jarraitzeko asmoa izan dezake, edo ulertzen du eta berak erdaraz erantzuten du, baina elkarrizketa elebiduna dugu. Beharbada beste Belarriprest bat deskubritzen dut.