Astekaria

Herriaren egongela

Erkuden Ruiz Barroso 2025ko uzt. 3a, 13:09

Lourdes Garmendia Lacunza eta Nerea Lacunza Loban, Bordatxo elkarteko juntakideak. utzitakoa

Lizarragabengoako Bordatxo elkartea elkarte bat baino gehiago bada: topagunea. Urtean zehar herritarrak bertan biltzen dira, eta festetan ere gune nagusia da. Auzolanaren garrantzia goraipatu du Lourdes Garmendia juntakideak.

Ekainaren 27tik 29ra ospatu zituzten festak Lizarragabengoan. Plaza ez ezik, badago beste toki bat festaren erdigunea izan dena: Bordatxo elkartea. Bertan biltzen dira urtean zehar herritarrak, eta festetan "taberna" gisara funtzionatzen duela ere azaldu du Lourdes Garmendia Lacunza juntakideak. "Ezinbestekoa" da elkartea.

Bordatxo elkartearen historia luzetik dator. "Orain Bordatxo lehengo apaizaren etxea esaten zaion tokian, horretan baina hori baino lehen bazen beste leku bat, borda txiki bat zena". Garmendiaren amak 82 urte ditu, eta gaztean zenean bazegoen Lizarragabengoan Altxagaren etxea bezala ezagutzen zen toki bat: "Taberna bat zen, ostatua". Etxe horretan bizi zirenak Gipuzkoara joan ziren, eta herria tabernarik gabe gelditu zen. "Beste etxe batean ardoa saltzen hasi ziren, eta bertan hasi ziren aiton batzuk elkartzen; amonarik ez, aitonak". Ardoa saltzen zuten eta aitzakia horrekin trago baten bat hartzeko biltzen ziren gizonak. "Momentu batean herriko batzar batean erabaki zen borda txiki bat egokitzea". Borda hori Dionisio izeneko herriko seme batena zen, bordatxo bat zeukan, eta zerbait sinbolikoaren truke espazioa eskaini zuen, "eta auzolanean elkartea egin zen". Besteak beste, su bajo bat eta mahai bat jarri ziren.

Orain Bordatxo elkartea lehengo apaizaren etxea esaten zaion eraikinean dago

Handik zenbait urtetara, 1988an gutxi gora behera, apaizaren etxea momentu horretan herriarendako gelditu zen; herriko alaba bati saldu zitzaion eta beste erdia elkartea hartzeko egokitu zuten eta auzolanean elkartea egin zuten, "gaur egun dagoen bezala".

"Elkartea auzolanean sortu zen; bai lehenengoa bai bigarrena. Goraipatzekoa da". Gainera, tresnak eta abarrak birziklatukoak direla esan du Garmendiak: "Botilleroa ere bigarren eskukoa da, Navarroren etxea Etxarrin taberna eta ultramarinos bat zena, nahiko ezaguna, eta hura moldatu zutenean ekarri genuen Lizarragabengoara". 

Topagunea
Elkartea elkartzeko toki bat bezala sortu zen, "herrian ez dago tabernarik, ez dago besterik".

Lizarragabengoako etxe guztietan elkartean bazkideren izan dela esan du Garmendiak. "Zehazki ez dakit zenbat kide izango zituen, baina hasieran demagun sei eta zortzi artean izango ziren. Gaur egun 28 kide gara, eta nik uste dut jende gehiago ere egon izan dela". Junta urtero aldatzen da, eta aurten Garmendia, bere anaia Alberto eta lehengusina Nerea Lacunza osatu dute. "Urtero hiru kide sartzen dira; batzar bat egiten dugu urtero San Pedro aurretik, eta bertan urteko kontuak azaltzen dira, diru sarrerak, gastuak, auzolanak antolatu behar diren zerbait konpontzeko...". Urtero egin daitekeena edo beharrezkoa dena esaten dute: "Aurten ikusi dugu edaria hozteko kamara bat erosi behar dugula. 1988tik daukagu; bigarren eskukoa zen eta aurten inbertsioa egin beharko dugu".

Bordatxo elkarteko bazkide izateko herrian bizi edo herrikoa izan behar zarela azaldu du Garmendiak. "Estatutuak sortu genituen, eta bertan bizi edo bertakoa izan behar zara sartzeko".

"Urtean zehar erabilpena bestelakoa da; festetan topagunea da"

Urtean zehar elkarteak ez du "egitasmo berezirik" antolatzen. "Halako herri txikietan kontzejua denez, kontzejuko presidentea eta laguntzaileak kontzeju gelan biltzen dira eta bertan dago ere. Nahasketa moduko bat ematen da". Euskaraldia, San Isidro... Urtean zehar egiten diren ekimenak elkartean egiten dira ere. "Egutegian markatuta dauden egunetako auzateak egiten dira, batzarrak, duela gutxi liburu baten aurkezpena antolatu zen... Herriko egoitza da".

"Festetan kanpotik jendea etortzen da, ez asko, baina etortzen da. Elkartea pixka bat irekiago egoten da". Herriko jendea eta bazkideak elkartean egoten direnez, "gutako norbait barran sartu eta zerbitza dezake". Txandak ez direla egiten azaldu du Garmendiak, "kanpoko norbait etortzen bada, taberna moduan funtziona dezake; edozein bazkidek zerbitzatzen du. Demagun arratsaldean antzerkia dagoela; beti egongo da norbait zerbitzatzeko". Mugimendu gehiago egoten dela gaineratu du.

Festak
"Esan daiteke dena bat dela. Mus txapelketa egiten bada, elkartean egiten da; bi egunetako afaria, elkartearen aurrealdean egiten da...". Hortaz, elkarteak ez du festetan egitarau propiorik egiten; "momentuz, ez". Elkartea festetako egoitza ere bada. "Urtean zehar erabilpena bestelakoa da: afariak egiten dira, kafetxo bat hartzera joateko... Norbait kanpotik etortzen bada ere harekin egoteko tokia. Festetan topagunea da". 

Garmendiak ez du oroitzen elkartean festetan bizi izan duen anekdotarik, baina festetako unetxoren bat aukeratu behar badu etxez etxekoa da: "Oso polita da. Herri osoa etxez etxe joaten da musikarekin lagunduta". Garai batean Etxarriko akordeoilari bat joaten zen, Jose Itsua, gogoan du Garmendiak: "Etxe batean edo bestean gelditzen bazkaltzen, gero musika jotzeko. Giro oso polita sortzen zen". Bestela, gurdi baten gainean jotzen zuten gitarrista eta bateria jolea gogoan ditu: "Eszenatokia gurdia zen. Haurtzaroko oroitzapen hori daukat". Politena eta gaur egun mantendu dena etxez etxea da, "eta gauean herria elkartzea". 

Erlazionatuak