Altsasuko Urtzi tabernak, 35 urteko ibilbidearen ondoren, ateak azaroaren 25ean itxi zituen. Bertako nagusiak, Jose Miguel Lizarragak, Danik, urtetan matraka ederra eman die bezeroei Lizarragabengoako azpiegituren kontura. Herriak dituela sky estazioa, F1eko zirkuitua, kasinoa, gurutze ontziendako portua… Bakarren batzuk Lizarragabengoara joan izan dira azpiegitura horiek bertatik bertara ikustera.
Dani jubilatu ondoren, bi bezero kuadrillak Lizarragabengoako nazioarteko aeroportuaren handitzearen mustutzea antolatu zuten azaroaren 1erako. Senideen laguntzaz, Dani eta Anak ezer jakin gabe, Lizarragabengoara eraman zituzten. Han mustutzearen lekuko izan ziren. AENAko ustezko zuzendariak eta ustezko alkateak hartu zuten hitza. Lehen harria jarri ondoren gotzainak azpiegitura bedeinkatu zuen. Eta aeroportuaren “sustatzaile” izan zen Daniri eta Anari dantzariak aurreskua dantzatu zien. Bi protagonistei hegazkin mozorroa jarri eta lehen aireratzea irudikatu zen. Ospakizunak Bordatxo elkartean izan zuen segida, hamabitako eder batekin. Ondoren parrandak Altsasun segitu zuen, ordu txikiak arte.