Olaztiko gaztetxean su eta garra

Guaixe 2007ko mar. 9a, 00:00
Su ta gar 1987. urtean sortu zen. Grabatutako lehen maketak arrakasta itzela lortu zuen eta horren ondotik etorri ziren taldearen diskoak. Mikel Laboaren Haika mutil kantuaren bertsioa, Mari, David eta Goliath, Su ta gar... hainbat belaunalditako gazteendako kantu mitikoak bilakatu dira. Eibarko taldeak lan oparoa egin du eta Euskal Herriko talde ezagunenetako bat da. Ondokoak dira taldeak kaleratutako diskoak: Jaiotze basatia, Hortzak estuturik, Su ta Gar zuzenean, Munstro hilak, Sentimenak jarraituz, Agur Jauna gizon txuriari, Su Ta Gar 1987-1989, Homo sapiens, Su Ta Gar Jo Ta Ke, Itsasoz beteriko mugetan eta Jainko Hilen Uhartean. Horiei guztiei taldeak grabatutako bideoak eta zenbait egitasmotarako propio prestatutako kantuak gehitu behar zaizkie. Gaur egun Aitor Gorosabel, Asier Osoro, Xabier Bastida eta Galder Arrillagak osatzen dute taldea. Eibarko taldeak 700 kontzertu edo ekitaldi baino gehiago eskaini ditu Euskal Herrian, Espainiako Estatuan eta Europan barna. Gainera, makina bat talderekin kolaborazioak egin dituzte. Gaur, bada, heavy, doinu gogor eta gitarra ukituetaz gozatzeko primerako aukera dago Olaztin.