Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
82.000 euroko igoeraren zergatia Uraren Legean dago. Araudi horren arabera, erregulazio kanona ordaindu beharra dute erabiltzaileek. Sakanaren kasuan, Urdalurko urtegiak Ebroko Ur Konfederazioari sortzen dizkion gastu arruntak ordaindu beharra dago.Iaz arte bi ziren Urdalurko urtegia erabiltzen zuten administrazioak: Sakanako Mankomunitatea eta Iruñerriko Mankomunitatea. Azken hori, ordea, iaz utzi zion Urdalurko erabiltzaile izateari. Izan ere, kontsumorako ura Nafarroako Ubidetik hartzen dute, Tiebasen. Horrek Sakanako Mankomunitatea Urdalurko urtegiko erabiltzaile bakarra bihurtu du, edo, zehatzago esanda, mankomunitateko Ur Zerbitzua. Gaur egun zerbitzu horren barruan ibarreko udal guztiak daude, Irañeta, Uharte Arakil, Arruazu eta Etxarri Aranatz izan ezik. Pasa den asteartean egindako bilkuran ur zerbitzuko kideek erabaki zuten Ebroko Ur Konfederazioari helegitea aurkeztea, halako igoera handiari kolpean aurre egin beharrean pixkanaka igotzea proposatzeko. Bitartean, erabaki zuten ur zerbitzuko udalek dagoen diru sailetik ordaintzea jasotako faktura. Horretaz gain, heldu den urteari begira erabaki zuten zerbitzuko kide guztien artean ordaindu beharko dutela faktura. Horrek udalek gehiago ordaintzea esan nahi du.