Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Olatzagutiako kultur etxeak hartuko du aurten ere Sakanako Belenzaleen Elkartearen erakusketa. Abenduaren 7an, ostiralarekin, 19:00etan mustuko da erakusketa eta ilbeltzaren 7ra arte izanen da ikusgai. Bisita ordutegiak honakoak dira: astelehenetik ostiralera 17:00etatik 20:00etara eta domeka eta jai egunetan 13:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 20:00etara.ErakusketaOlaztiko kultur etxera joaten denak tamaina handiko 7 diorama eta 3 txiki ikusteko aukera izanen du. Perspektiban egindako tamaina handiko dioramek 5 metro karratuko azalera dute (2 metro zabal, 2,5 metro sakon dituzte). Diorametan dagoena ikusteko 1,2 metro zabal eta 55 cmko altuera duen leiho batetik begiratu beharko da. 3 diorama txikiak metro bat zabal eta 60ko sakonera dute. Azken horiek dira berritasuna. Haien barruan Jesusen jaiotzari buruzko pasarteak ikusteko aukera dago: Ama Birjinaren berri ematea, ostatua bilatzen, Jesusen jaiotza, artzainei berri ematea, Erregeen kabalgata, Errege Magoek Jesusi egindako adorazioa eta Egiptorako (Olaztirako) itzulera. Horiek diorama handietan ikusteko aukera izanen da. Txikietan, berriz, jaiotza, Nazaretheko tailerra eta ihesa irudikatuko dituzte. Bisitariendako espazio batzuk ezagunak izanen dira, besteak beste Agurain, Uxue edo Potes herrietako karrikak eredu gisa hartu baitituzte. Talde lanaElkarteko 11 kideren artean ari dira erakusketa prestatzen. Batzuek eskarmentu zabala dute horretan. Horiek dira: Felipe Agirrebengoa, Luis Borrega, Emeterio Galan, Patxi Agirre, Paco Sanz eta Javier Beunza. Ia urte guztia ematen dute jaiotzak prestatzen. Baina udaberrian eman zuten ikastaroan aritu ziren batzuk batu zaizkie eta haiek ere lagundu dute erakusketa prestatzen. Honako hauek dira: Edurne Zabalza, Koldo, Kati Mayor, Jesus Mari Garmendia eta Pello Iraola. Sakanako jaiotza eskolako teknika berezia erabiliz daude eginda jaiotza guztiak. Izan ere, sakandarrek jaiotzak egiteko dentsitate ezberdineko porexpana erabiltzen dute lehengai gisa eta kanpoan entzutetsua egin da haien teknika. Erakusketa Olaztiko Udalaren eta Nafarroako Kutxaren zuk aukeratzen duzu, zuk erabakitzen duzu programaren laguntzaz egin da.