Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Isiltasun sakonean egin zen bilkura. Haren bitartez langileek hil ala bizi dagoen lankideari babesa azaldu eta haren familiari (emaztea eta bi seme) eta gertukoei elkartasuna azaldu nahi izan zieten. Aldi berean, enpresari "istripuak ekiditeko neurriak har ditzala" eskatu zuten.Bilkura despeditzean enpresa batzordeak adierazi zuen "gaur egun gure gizatean bizi den gizarte garapen eta garapen teknologikoan, lan istripuak onartezinak dira" eta "arazo larri baten aurrean gaudela" esan zuen. Azken urteetan eman diren lan antolakuntza "nabarmenak flexibilitate eta produkzio erritmo handiagoak inposatzen" dituztela salatu zuen enpresa batzordeak eta horrek "zuzenki nekea eta atentzio falta handiagoa sortzen du langileengan". Enpresa batzordeak gogora ekarri zuen "Lanaren Nazioarteko Erakundearen aholkuak jarraituz, segurtasun eta higienerako institutu nazionalak 25 urtetik beherako eta 50 urtetik gorako langileek gaueko txandetan ez aritzea aholkatzen" duela. Lan Arriskuen Prebentzio Legeak "13 urte bete dituenean arazoaren tamaina ez dela jaitsi" nabarmendu zuen enpresa batzordeak. Mutuei "patronalaren dependentzia" izatea egotzi zieten eta "beharrezkotzat" jo zuten "prebentzio sistema alternatibo bat. Sistema publiko bat, kalteen desagerpena lehenesten duena, publikoa eta prebentzio delegatuen partehartzea duena". Bestalde, EAE-ANVk deituta, astelehen gauean 60 olaztiarrek bilkura egin zuten Intsumisio plazan. Elkarretaratzearekin lan istripua salatu zuten. EzbeharraLangileek protesta horiekin astelehenean, 4:24ean, izan zen lan istripua salatu nahi zuten. Ezbeharraren ondorioz 55 urteko altsasuar bat, C.H.P., oso larri eraman zuten Nafarroako Ospitaleko Zainketa Intentsiboetako Unitatera. Olatzagutiako Akinorruti industrialdean dagoen enpresak haize errotendako zutabeak egiten ditu. Nafarroako Gobernuak jakitera eman zuenez, langilea zutabe baten margotze eta lehortze prozesua despeditzen ari zenean hura eusten zuen 4 metroko diametroa duen brida bat gainera erori zitzaion. Zaurituak hainbat traumatismo ditu, haietako bat buruan. Ezbeharraren tokira suhiltzaileak, medikua, erizaina eta anbulantzia joan ziren. Iruñetik anbulantzia medikalizatua atera zen eta Altsasun zauritua ibilgailuz aldatu zuten. Foruzaingoa eta atestatu taldea ere lantegian izan ziren ezbeharra ikertzen.