Landa eremuan txabolak jasotzeko baimenik ez du emanen udalak

Guaixe 2008ko urtarrilaren 29a

Iñaki Mentxaka alkateak jakinarazi digutenez, "hainbat kexa jaso ditugu udalean gehiegikeriak egiten ari direlako". Dirudienez, eraikuntza batzuk ez dituzte neurriak betetzen eta beste batzuk bigarren etxebizitza bihurtu omen dira. Horregatik, hirigintza araudi berria indarrean jarri bitartean baimenak emateari utziko dio udalak. MuseoaBilkura berean erabaki zen Olatzagutiako Etnografia Museo egitasmoa bertan behera uztea. Aurreko legegintzalditik zetorren egitasmoak bide motza egin du beraz. Aurreko udalak museoa kudeatuko zuen fundazioa sortu zuen eta 35.000 euroko ekarpena egin zion. Baina "hura kudeatzeko interesa zinegotzi batek berak ere agertu ez duenez eta objektu ematerik izan ez denez, udalak museo egitasmoa bertan behera uztea" erabaki zuen. TurismoaBestalde, Olatzagutiako Udalak, NaBai-ren aldeko botoekin, erabaki zuen Sakanako Mankomunitateko turismo zerbitzuarekin bat egitea. Koalizioak adierazi zuenez, "ez gaude partzuergoaren kontra, baina udalek hura ez dutela babesten ikusten dugu. Babesik ez duenez, egokiago ikusten dugu mankomunitatearen bidez bideratzea". EAE-ANV "partzuergoaren bidez turismoa garatzearen alde" agertu zen eta ibarreko garapen integrala partzuergoaren bidez lantzearen alde azaldu ziren. Aldi berean, NaBai-ri egotzi zion "partzuergoaren alde egiteko borondate politiko falta". Bestalde, bi alderdi horiek ados jarri ziren urteberri egunean Arbizun izan ziren istiluak salatzeko egiten ari den sinadura bilketarekin bat egiteko. Arbizun onartu zen mozio bera da onartutakoa.