2.242.400 euroko aurrekontua onartu du udalak

Guaixe 2008ko urtarrilaren 30a

Ekintzaileek kontrako botoa eman zuten "Nafarroa Baik aurreko legegintzaldiko inbertsio ildoa jarraitu duelako eta lerro propio bat sortzeko irizpide autonomorik izan ez duelako". Horretaz gain, "egin ditugun ekarpen bat bera ere kontuan ez dituzte hartu", eta horregatik eman zuten kontrako botoa.InbertsioakOlatzagutiako Udalak onartutako aurrekontuan hainbat inbertsio aurreikusten dira. Esaterako, Domingo Bados eskola publikoan zenbait hobekuntza-lan egin behar dira. Lehentasunak zein diren zehaztu ondoren ekinen zaio horri. Komunalean hobekuntzak egiteko 110.000 euro bideratuko ditu udalak. 100.000 euro azpiegitura publikoak hobetzeko izanen dira, irisgarritasuna sustatzeko besteak beste.Horiekin batera, Olatzagutiako Udalak 80.000 euroko diru saila izanen du hiri altzariak erosteko. Diru horrekin, besteak beste, jubilatu elkartearen ondoan dagoen haur parkea berritu nahi du udalak. Horretaz gain, adineko pertsonendako propio pentsatutako parke bat jartzeko asmoa ere badu udalak. BelenzaleakOlatzagutiako Udalak 54.000 euro aurreikusi ditu tresneria erosteko eta beste 6.000 euro hilerrian inbertitzeko. Horretaz gain, 12.000 euro bideratuko dira Sakanako Belenzaleen Elkarteari utzitako gela egokitzeko. Gela hartan dauden paretak bota eta egoitza zerbait handituko da. Elkartearen asmoa da egoitza egokitu ondoren, han lan egin eta urtero eguberrietan antolatzen duten erakusketa egoitzan bertan erakutsi ahal izatea, kultur etxera joan behar izan gabe. Azkenik, Olatzagutiako parkeetan internetera konektatzeko modua egon dadin nahi du udalak. Hori gauzatzeko Wi-Fi sarea jartzeko 11.600 euroko diru saila bideratu da aurrekontuetan. Hasiera batean, behintzat, Clinkerreko parkean jarriko litzateke, eta, aukera balego, jubilatu elkarte ondoko parkean ere.