Mangara hurbildu nahian Olaztin

Guaixe 2008ko otsailaren 15a

Olaztiko kultur zinegotzi Sergio Gastaminzak azaldu digunez, hilero zerbait berezia eskaintzeko asmoa dute: pelikula independenteak, komertzialak ez direnak, dokumentalak, manga filmak... guztiak ere hitzaldi batekin lotuta. "Ez dugu ohiko filmak, komertzialak eskaintzea nahi, baizik eta gai konkretu bati lotutako filmak, dokumentalak edo estilo ezberdinetako pelikulak, gaurko manga filma kasu, pelikula ikusi ostean hitzaldiak ematea ahalbideratuko dutenak" adierazi du Gastaminzak. Aurreko hilabetean Barañaingo Joaquin Calderonek egindako Sahara no se vende dokumentala egon zen ikusgai. Calderonek berak aurkeztu zuen filma eta berak eman zituen pelikularen eta Saharako egoeraren azalpenak. "Jende asko etorri zen emanaldira, Olazti eta Sakanako beste herri batzuetatik, eta oso interesgarria izan zen. Orain mangari buruzko emanaldia antolatu dugu eta manga ezagutzeko Myaku kultur elkarte Jose Luis Asensio etxarriarra gonbidatu dugu" gaineratu du Olaztiko kultur zinegotziak. Jose Luis Asensio: "Komikien difusioa eta komikien kultura zabaltzea da gure nahia"Myaku kultur elkarteko kideetako bat da Jose Luis Asensio Igoa etxarriarra. Iruñean Telekomunikazio Ingeniaritza ikasketak egin eta gero, Madrilen ingeniaritza lanetan dabil manga generoaren maitale amorratu hau. Berarengana jo dugu genero honi buruzko azalpen bila. -Ezjakinendako: zer da manga generoa? Manga, berez, Japonian egindako komiki guztiei esaten zaie. Norbaitek manga irakurtzen ari dela esaten badu, Japoniar jatorriko komiki bat irakurtzen ari dela esan daiteke. Manga liburu baten barruan kirol generoa, fantasia, politika, sukaldaritza, abentura, amodioa... denetarik aurkitu daiteke.-Zer dauka mangak Europa eta Estatu Batuetako komikiek ez dutena?Estetika aldetik zenbait ezaugarri nahiko berezi dauzka: pertsonen begiak oso handiak izaten dira, errekurtso zinematografiko ugari erabiltzen dituzte... bestalde imajinatu daitezkeen gai guztiak aurkitu ditzakezu. Hala ere, globalizazioa dela eta, herrialde ezberdinetako komikiek beste batzuetakoen ezaugarri ugari hartzen ari dira gutxinaka-gutxinaka, komikien mundua etengabe aberastuz.-Mangaren baitan komikiak, zinema eta beste genero batzuk daude, ezta?Beno... bai. Esan dudan bezala, Manga berez Japoniako komikiei esaten zaie, paperetan inprimaturiko komikiei. Manga baten inguruan liburuak, bideojokoak, antzerki-lanak, filmak, telebista programak, musika eta abar aurkitu daitezke. Japonian komikiek pisu asko dute eta horrek diru asko mugitzen dutela esan nahi du. Ondorioz genero askotan dibertsifikatzen da.-Askok uste dute manga komikiak haurrendako kontuak direla. Zer diozu? Ondorio hori gure kulturatik abiatuta baino ez da ulertzen. Japonian inprimatzen den paper guztiaren % 40a manga da, egunkariak barne. Horren erdia baino gehiago gazteek kontsumitzen dute (14-20 urte ingurukoek), eta hauek alde batera utzita komiki gehienak jende helduarendako egiten dira. Editorialek gure dendatara inportatzen dituzten manga liburuak publiko jakin bati saltzeko ekartzen dituzte, eta ez da Japoniako manga liburuen generoen proportzio berdina mantentzen. Normala da gure dendetan dauden manga gehienak haur eta gazteei zuzenduta egotea, hauek direlako bertan komikiak erosten dituztenak.-Nola eta noiz sortu zenuten Myaku izeneko elkartea?MYAKU orain dela 7 edo 8 urte sortu zen ideia bezala. Komikiak eta beste hainbat jakin min zituzten zenbait lagun astean behin Iruñean elkartzen hasi ziren, pelikulak ikusi, kultura ikasi eta ondo pasatzeko. Ni beranduxeago sartu nintzen taldetxoan. Hala ere, ofizialki elkartea aurten hasi da lanean.-Zein da elkartearen helburua?Elkartearen helburua komikien difusioa eta komikien kultura zabaltzea da, manga barne, baina ez modu esklusiboan. Ezjakintasunak asko mintzen ditu kulturako arlo ugari eta komikien munduak sekulakoak jasan izan ditu beti. Beste helburu garrantzitsu bat komikigile berriei laguntza eskaintzea eta ahal den heinean beraien lana inprimatu eta jende kopuru gehienari banatzea da.-Web orria, aldizkaria, bidaiak, hitzaldiak... Ez zarete gelditzen!Ditugun helburu guztiak aurrera eramateko webgune bat dugu, www.fanzinemyaku.blogspot.com; aldizkaritxo bat inprimatzen dugu; erakusketak eta bidaiak antolatzen ditugu; eta baita, eskulan tailerrak antolatzen ditugu, udaletxeekin edota zentro ezberdinekin batera. Edonork zerbait antolatzeko behar bagaitu gure web gunean aurkituko gaitu ala myaku.fanzine@gmail.com helbidean. -Japoniako manga komikiak eta beste ekartzen dituzue edo zuek sortzen dituzue?Guk ez dugu inportaziorik egiten oraindik elkartearen barruan, hori ez da elkartearen helburua. Sortu, ordea, bai; komikigile berrien lanak inprimatu eta hauek banatu egiten ditugu zenbait komiki topaketa garrantzitsuetan: Getxo, Bartzelona, Zaragoza, Madril... Komikiak sortzen eta gizartean zabaltzen laguntzen dugula esan daiteke.-Sakanan manga generoak zaletuak ditu?Bai, eta nik uste baino gehiago. Behin edo behin Iruñeko denda espezializatuetan Sakanako jendearekin topo egiten duzu edota etxera autobusez bueltatzean bateonbat komiki bat irakurtzen ari dela konturatzen zara. Hala ere, zaletuak sakabanatuta gaude eta ez dugu elkarrekin harreman esturik. Komunikazioa falta zaigu oraindik.-Ba al dago Sakanan mangazaleak biltzen dituen beste elkarte edo talderik?Nik dakidala Altsasun badaude komikien munduan ibiltzen diren bi talde. Bat A5Altsasu izenekoa. Orain dela bizpahiru urte saiatu ziren manga filmak Altsasuko Iortian ematen, baina eskainitako egun eta ordutegia ez zen oso ona eta jendea ez zen askotan joaten. Gaur egun ez dute filmarik ematen, baina webgune bat dute jendeari zabalik: http://www.lekua17.com . Oraindik probak egiten ari direla uste dut. Beste taldea aspaldi aldizkaritxo bat ateratzen ausartu zen, "Frikie world" izenekoa, baina gaur egun beste kontu batzuekin dabil.-Mangazaleak ez al duzue guetto berezi bat osatzen? "Arraro" xamarrak ez ote zareten entzuten da. Zer diozu?Arraroak garela esaten dute, bai, etxetik hasita eta lagunekin jarraituz. Baina azkenean beste zaletasun bat besterik ez da. Nik, futbola ikusi baino, nahiago dut komiki bat irakurtzea. Askok joera hori arraroa dela esaten dute, baina guztia ezjakintasunetik dator, egiten duguna ez dutelako ulertzen. -Nolakoa da manga eta komikigintzaren osasuna? Manga berarekin komikigintza eta mota hauetako filmak "urrezko garaia" ezagutzen ari al dira?Komikiaren mundua gero eta gehiago zabaltzen ari da, beharbada, txikitan komikiak irakurtzen genituen haur askok oraindik ere komikiak irakurtzen jarraitzen dugulako.. Iruñean komikien hiru denda espezializatu daude. Hala ere, egia da komikia askotan nobela grafiko bezala saldu behar dela zenbait pertsonengana hurbiltzeko. Niretzat berdina da komikia eta nobela grafikoa, biek istorio bat irudiekin eta hitzekin batera deskribatzen dutelako. 80ko hamarkadan mangak boom ikaragarria izan zuen, hura izan zen mangaren urrezko garaia, baina gizartea ez zegoen prestatua etorri zen liburu kopurua eta gai guztien dibertsifikazioa bereganatzeko. Ondorioz, geroxeago atzera egin zuen berriro industriak. Gaur egun, ekonomiak lagunduta, nire ustez gutxinaka baina etengabe eta zentzu handiz hazten ari da komikiaren mundua. Bai, inoiz baino hobe gaudela uste dut.-Emaiguzu arrazoi bat Olaztira manga filma ikustera eta osteko hitzaldira joateko. Adibide zehatzekin eta modu errazean, aldez aurretik zerbait jakitea beharrezko izan gabe, jendeari manga pixka bat hurbiltzen saiatuko naiz. Eta filma benetan ona dela esan behar dugu. Berri-berria da, 2007. urtekoa.