Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Olaztiko liburutegi publikoa 1971ko apirilaren 30ean sortu zen, baina 2002an Kultur Etxe berritura lekualdatu zen. Egun teilatupean kokatzen da liburutegi berria, begi-bistan dauden bi altueratan. Instalazioak ederrak dira, eta 83 eserleku dauzka irakurtzeko, hainbat eremutan antolatuta: helduendako eremua, haurrendako eremua, hemeroteka, mediateka, ikasteko eremua eta biltegia. Olaztiko liburutegiko fondoa 16.837 dokumentuetakoa da, eta horietatik liburuak dira gehienak (15.434). Baina ondoko dokumentuak aurkitu ahal ditugu: aldizkariak (60), bideoak (423), kaseteak (24), CDak (254), CD-Rak (188), DVDak (449) eta DVD-Rak (5).Zerbitzu anitzakOlaztiko liburutegiko fondo guztiaren inguruko informazioa jaso eta kontsultatu daiteke. Jakina, erabiltzaileek fondo hori tokian bertan kontsultatu edo euren etxeetara eraman dezakete, mailegu sistemaren bidez. Horretarako liburutegiko bazkide egin behar dira, argazki bat eramanaz eta inskripzio txartela beteaz. Olaztiko liburutegia Nafarroako Gobernuko Liburutegi Sareko kide denez, erabiltzaileek Nafarroako Liburutegi Nagusiko eta sareko gainontzeko liburutegiko fondoetara sarbidea dute. Liburutegian bi ordenagailu daude, eta erabiltzaileek internet zerbitzua erabili dezakete, dokumentu pertsonalak sortu eta CD-Rom eta DVD-Rom euskarrietan dagoen informazioa kontsultatu. Gainera, eskanerra eta inpresora dauzkatenez, dokumentuak inprimatu ahal dira. Bestalde, salan bideo pelikulak ikusi daitezke eta CDetako musika entzun. Erabiltzaile eta mailegu gehiagoOlaztiko liburutegiko erabilera datuak oso positiboak dira. 2007an 8.550 erabiltzaile zituen liburutegiak, 2006an baino 1.081 gehiago. Bestalde, interneteko erabiltzaileek ere nabarmen egin zuten gora: 2006an 1.808 izan ziren zerbitzu hau jasotzera joan zirenak, eta 2007an 2.305. Maileguei dagokienez, 2007an 4.857 mailegu egin ziren Olaztin (2.120 liburu, 1.878 DVD, 470 bideo, 158 aldizkari, 124 CD-Rom, 100 CD, 5 DVD-Rom eta 2 kasete), 2006an baino 726 mailegu gehiago. Bestalde, irakurketa bulkatzeko lau ekitaldi berezi egin ziren iaz Olaztiko liburutegian, euskaraz. Alde batetik, martxoan eta azaroan ipuin kontalarien emanaldiak izan ziren, eta bestalde, haurrendako literatura autore Joxean Ormazabalek hitzaldia eman zuen. Azken bisita honi lotuta, autorearen eta haren obrari buruzko lehiaketa antolatu zen. Parte-hartzea handia izan zen, batez beste ekitaldiko 35 haurrek parte hartu baitzuten. Igoeraren arrazoiakOlaztiko liburutegiko Arantxa Alava liburuzainak aktibitate horien eta oro har, liburutegiaren balantze oso positiboa egin du. "Datuek argi erakusten dute liburutegiaren erabilerak eta liburutegiko fondoko dokumentuen mailegutzak gora egin duela nabarmen". Arantxaren iritziz hiru dira gorakada horren arrazoi nagusiak: liburutegi berriak eskaintzen dituen instalazio moderno eta egokiak; teknologia eta formatu berrien eskaintzak; eta Olaztira bizitzera joandako etorkinen kopuruaren hazkundeak. Horietako askok jotzen omen dute liburutegira, internet erabili eta dokumentuak kontsultatu edo maileguan hartzera. "Pentsa, behin erabiltzaile batek esan zidan liburutegi hau ONU erakundea zirudiela!" dio Arantxa Alavak.