Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ibilgailuen talkaren ondorioz 60 urteko frantziarra hil eta bera zihoan autoaren gidaria, 62 urteko gizona, larri zaurituta eraman zuten ospitalera, saihetsen haustura eta buru traumatismoarekin. Beste autoan zihoazen 3 pertsonak onik atera ziren istriputik. Antza denez, gidari frantziarra bidez okertu zela ohartu eta autoarekin atzeraka omen zihoan, A-1 autobia berriro hartzeko. Iruñerako bidean zihoan auto batek atzetik jo zuen frantziarren autoa eta talkaren ondorioz haien autoak bide bazterra jo zuen. Zauritua eraman, gorpua jaso, atestatua egin eta errepidea garbitu bitartean A-1 autobiatik Sakanara joateko bidea itxita egon zen eta trafikoa bigarren mailako errepidetik desbideratu zuen Guardia Zibilak. Ezbeharraren tokira ere Altsasuko Osasun Eskualdeko mediku eta erizainak eta Altsasuko parkeko suhiltzaileak joan ziren. DGT-ren helikopteroak ere ezbeharraren tokiaren ondoan lur hartu zuen.