Olaztiko II. Santa Ana txapelketako finalak jokoan

Guaixe 2008ko apirilaren 18a

Olaztiko Santa Ana elkarteak, Udalaren laguntzaz, bigarrenez antolatu du Santa Ana frontenis txapelketa. Iaz oso arrakastatsua izan zen, eta aurten ere. Horren isla da guztira 36 bikote ari direla lehiatzen, eta antolakuntzak 7 bikote txapelketatik kanpo utzi behar izan zituela, ordutegi arrazoiak direla medio antolakuntzarako ezinezkoa zelako. Olaztiz gain, Sakana guztietako bikoteak ari dira lehian, Lekunberri eta Aguraingo bikote banarekin batera.Nesketan 8 bikote, mutiletan 28 Txapelketa aurreko asteburuan hasi zen, eta asteburu honetan despedituko da. Nesken txapelketan 8 bikote aritu dira lehian, launako bi multzotan banatuta, eta mutilen txapelketan, aldiz, 28 bikote, 4 taldeetako 7 multzotan banatuta.Partiden araudiari dagokionez, hasierako partidak 25 tantora edo 25 minutura jokatzen dira; bukaerako fasean 25 tantora edo 35 minutura; final aurrekoak eta finalak 25 tantora edo 40 minutura; eta hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko lehiak, aldiz, 25 tantora edo 25 minutura. Hasierako faseetan, multzo bakoitzaren barruan denak denen kontra lehiatzen dira, eta multzo bakoitzeko bikote onenak egiten du aurrera txapelketan. Partidak jokatu ondoren, antolakuntzak pintxoa eta freskagarria eskaintzen diete parte-hartzaileei.Hain zuzen ere Fermin Zornoza, Sebastian Aierdi eta Fernando Ganuza ari dira guztia antolatzen. Kontentu daude momentuz txapelketak eman duenarekin. "Giro ona sortzen da, jokalariez gain ikusleak ere frontoira hurbiltzen baitira. Ea finalean ere iaz bezalako giro bikaina dagoen" dio Zornozak. Mutilen eta nesken mailetan sari berberak izanen dira: txapeldunek txapela eta arkumea jasoko dute, bigarrenek eta hirugarrenek Sakanako produktuen sorta, eta laugarrenek txapelketako kamisetak. "Gainera, finalen ondoren txapelketan parte hartu duten kirolari guztien artean kamisetak, erraketak eta kirol materiala zozketatuko dira" gaineratzen du Zornozak.Neskak Aurreko asteburuan nesken txapelketako lehen faseko partidak eta final aurreko bat jokatu ziren. Final aurreko horretan, Maite eta Mari Angelesek 25-10 irabazi zieten Erkuden eta Iratiri; Igone eta Anak Lohitzune eta Sararen kontra jokatu dute beste finalaurrekoa. Nesken finala igandean jokatuko da, 17:30ean, eta 3. eta 4. postuen arteko lehia, igandean 16:30ean.Mutilena, zehazteke Guztira mutilen 7 multzo ari dira lehian. Aurreko asteburuan A eta B multzoen lehiak jokatu ziren. A multzotik Bados eta Zornoza eta B multzotik Ibon eta Xabi sailkatu ziren final laurdenetarako. Asteburu honetan larunbatean C, E, F eta G multzoko lehiak jokatuko dira, goizeko 8:00etatik 23:00etara. Multzoko bikote onenak eta multzo guztietako lehen bigarren talde onena final laurdenetarako sailkatuko dira.Igandean erabakiko da dena Igandean mutilen txapelketako final laurdenak, final erdiak eta finalak jokatuko dira. Mutilen final laurdenen partidak goizeko 10:00etan hasiko dira, eta final aurrekoak 13:00etan. Arratsaldean, 16:30ean nesken 3. eta 4. postuak erabakiko dira, 17:00etan mutilen 3. eta 4. postuak, eta 17:30ean hasiko da nesken finala. Mutilena, 18:00etan abiatuko da.