Iban Lopez eta Javier Goikoetxearen estreinaldia Espainiako Rally Txapelketan

Guaixe 2008ko maiatzaren 16a

Espainiako Rally Txapelketa, Suzuki Swift Kopa larunbatean hasiko da, Kantabria Infinita rallyarekin. 16 pilotu eta kopilotu lehiatuko dira, guztiak txapelketarako propio prestatutako autoarekin: Suzuki Swift. Tartean bi pilotu euskaldun daude, Markinako Gorka Antxustegi eta Olaztiko Iban Lopez. Ibanek kopilotu berriarekin estreinatuko du Espainiako Rally Txapelketa: Olaztiko Javier Goikoetxearekin.Iban Lopezek zazpi urte daramatza automobilismoan lehiatzen. Behin eta berriz konpondu eta zaharberritutako Renault 5 Copa Turbo autoarekin aritu da lanean Euskal Herriko eta gertuko lasterketa, mendi igoera eta rallyetan. Iazkoa oso urte zaila izan zen olaztiarrarendako. "Lehendabiziko lasterketan autoa hautsi eta utzitako auto batekin aritu nintzen lehian, ahal zen moduan. Beti arrastaka, desabantailarekin, diru eta baldintza eskasekin eta babes faltan aritzeaz nazkatuta nengoen eta lasterketak uztea erabaki nuen, baina gertukoek jarraitzera animatu ninduten, nire zaletasuna abandonatzeak pena ematen zielako. Orduan jarraitzea erabaki nuen, baina fundamentuzko zerbaitetan arituz" dio Ibanek.Aurten ez da RAC Kopa egonen, baina estreinakoz Espainiako Rally Txapelketa, Suzuki Swift Kopa antolatu da, eta bertan murgildu da buru belarri Iban. Orain arte Ziordiko Aritz Azpiroz zen bere kopilotua, baina lan kontuak direla medio aurten ezin da aritu. Haren ordez Javier Goikoetxea gazte olaztiarrarekin osatuko du bikoa Lopezek, Ziordi Sport eskuderian.Iban Lopez: "Baldintza berberetan nola lehiatzen den probatu nahi dut" Zergatik erabaki duzu Espainiako Rally Txapelketa, Suzuki Swift Kopan aritzea? Automobilismoan rallyetan lehiatzea dut gustukoena. Txapelketa honetan lehiatuko garen 16 pilotuek auto berdina daukagu, berria eta modu berberean prestatutakoa. Denok baldintza berberetan abiatuz eta arituz Javier eta ni nola ibiltzen garen ikusi eta probatu nahi dut. Proban lehiatzeko aurrekontu ikaragarria behar da: autoa erosi, gurpilak, ordezko piezak, erregaia, lasterketak, kanpoko egonaldiak... Guztia diru asko da, baina behin bakarrik bizi gara, nire ametsa da eta saiakera eginen dut.Egitasmorako dirua biltzeko ate asko jo dituzue? Asko. Krisia dela medio ez da oso garai egokia dirua eskatzeko, baina burugogorra naiz, ez dut etsitzen. Dagoeneko esponsor edo babesle batzuk lortu ditut, baina oraindik ere gehiago lortzeko lanean gaude. Ildo honetan Nafarroako Gobernuaren jarrera salatu nahi dut: ez digute egitasmoa azaltzeko aukerarik ere eman, ez gaituzte hartu, ate guztiak itxi dizkigute. Argi dago ohiko kiroletara, taldeetara eta kirolari kuttunengana doala diru guztia, eta gainontzekoendako ez dagoela ezer.Zuek antolatutako Eskufreno rock bezalako ekitaldi gehiago etorriko dira? Mota askotako ekimenak antolatuko ditugu dirua ateratzeko. Ildo honetan, Olaztiko herriaren babesa eta jaialdian parte hartu zuten eta laguntza eman zuten guztiei eskerrik beroenak eman nahi dizkiet.Ziordi Sport eskuderia duzue. Zergatik izen hori?Ziordiar askok eman dit laguntza urte hauetan eta bertan ordu asko eman ditugu, autoa eta beste probatzen. Sinbolikoa da. Taldean 6 mekaniko eta logistikan laguntzen duten 2 kide daude. Guztiak dira sakandarrak Iruñeko bi izan ezik.Hasiera guztiak dira gogorrak... Bai, urte honetan egin behar da inbertsio gogorrena: autoa erosi eta dena prestatu. Txapelketa hau babesleendako erakusleiho ona da, baina mundu honetan ere aitaponteko ona eta dirua duenak dauzka aukera gehiago. Horretaz gain txapelketan izena ematen azkenak izan ginen, eta horregatik autoa jasotzen azkenak izan gara. Aurreko astean jaso genuen, eta ez dugu behar adina denbora izan guztiz prestatzeko. Beraz, lehenengo lasterketa lasai hartuko dugu.Gustura zaude mustu berri duzun Suzuki Swift autoarekin?16 parte hartzaileei Galiziako RallyCar enpresan prestatu dizkigute autoak. Suzuki Swift Sport modeloa da, 125 zaldikoa, eta barrak jartzeaz gain, soilik martxa kutxa, suspentsioa eta frenoa aldatu dizkiote. Gurpilak Hankook etxekoak dira, euritakoak eta lehorrak. Gustukoa dut baina oraindik ez dago sasoi betean, behar bezala prestatzeko ez baitugu astirik izan.Beraz, autoa jaso berria... Bai, berriro desabantailan, gainontzekoek prestatzeko denbora gehiago izan dutelako. Esaterako, suspentsioaren atzeko erreguladore edo "reglaje" delakoak 48 posizio dauzka, eta aurrekoak 18. Guztiak probatu behar dira, egokiena aukeratzeko. Eta abar. Gainera, autoari kilometroak egin behar zaizkio, puntuan jartzeko. Ahalik eta txukunena jarri eta horrela aterako gara lehiatzera.Zer moduz konpontzen zara Javier Goikoetxea kopilotu berriarekin? Gaztea da baina esperientzia dauka. Aurten hasi gara lanean eta oraindik ere behar bezala aritzeko denbora gehiago behar dugu. Pilotu eta kopilotuaren arteko komunikazioa primerakoa izan behar da lasterketa onak egiteko: biok hizkuntza eta entonazio bera izan behar dugu. Bihurgunea 5 mailakoa bada 5 mailakoa da, ez 4koa.. Kopilotuak uste baino lan gehiago egiten du: entrenamenduetan ibilbide guztiko xehetasunak apuntatu behar ditu eta lasterketan ibilbidearen informazioa aurretik emateaz gain, hurrenean datorrena izan behar du buruan. Oso lan mental gogorra da. Pilotuak autoa puntuan jarri behar du eta lasterketan ahalik eta hobekien gidatu. Kopilotuak rallyaren plana, asistentzia eta beste prestatu behar ditu.Orain arteko lehiaketetatik Espainiako Rally Txapelketarako saltoa handia da? Bai, maila altuagoa da. Orain arteko probak askoz ere motzagoak ziren, ikusi beharko dugu ea nola daramagun lasterketa luzeagoak izatearen presioa eta kontzentrazioa.Nola prestatuko duzue lehenengo proba, larunbateko Kantabriako Rallya? Soilik asteazkenean eta ostegunean entrenatu ahal zen, eta gainera auto bakoitzak 3 aldiz egin zezakeen bidea. Hor prestatu genuen gure plana eta larunbatean lehiatuko gara. Kronometratutako 160-200 km inguru dauzka probak, loturak kontuan hartuz 550 km inguru. Pentsa, Euskal Herriko edozein rallyren ia hirukoitza!Nolanahi ere gure helburua aurtengo denboraldian ahalik eta gehien ikastea da, autoa zainduz. Ezin dugu arriskatu eta lehiatzearren limitean ibili, autoa apurtzeko luxua ezin baitugu gure gain hartu. Ez litzateke inteligentea izanen. Hurrengo denboraldian, esperientzia alde, aspirazio gehiagorekin lehiatuko gara.Urduri?Bai. Autoa jaso berria, kopilotu berria, antolakuntzarekin harremanak, etengabeko deiak, babesleak lortzen... azken egun hauek erokeria hutsa izan dira. Lehendabiziko proban lehiatzeko gogoak dauzkat, lasaitu eta hurrengo proba (ekainaren 21 eta 22an, Ourenseko rallya) hobeki prestatzeko.Espainiako Rally txapelketa prestatzeko Euskal Herriko probetan parte hartzeko asmoa duzue? Akaso entrenatzeko bai, eta bestela lasterketetako 0 autoa moduan aritu gaitezke, hau da, lasterketa hasieretan ateratzen diren autoak. Esaterako, aurten, uztailaren 19an Urbasako igoera jokatuko da atzera ere, Iruña Mendi Racing eskuderia berriak antolatuta, eta 0 autoa izatea ez legoke gaizki.