Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Olaztiarrak aste bat lehenago jaso zuen autoa, eta ez zuen izan autoa puntuan jartzeko behar adina betarik. Gainera, kopilotu berriarekin aritzekoa zen, Javier Goikoetxearekin. Oraindik ere bien arteko komunikazioa bikaina izateko denbora faltan, guztia zela medio bere erronka Kantabria Infinita rallya despeditzea zen. Asteazkenean abiatu ziren Kantabriara, eta asteazken eta ostegunean entrenatu ziren. "Erregelamenduaren arabera soilik hiru pasada egin ahal genizkion zirkuituari, eta notak hartzen eta proba prestatzen aritu ginen. Ostegunean, esaterako goizeko 8:00etatik gaueko 8:00etara aritu ginen lanean, bazkaldu ere egin gabe" dio Kantabriatik leher egina iritsi den Ibanek. Izan ere oso rally gogorra zen, eta tramu hain luzeetan kontzentrazioa %100ean mantentzea oso neketsua da. "Izerditan blai bukatu nuen, besoak leher eginak" dio Ibanek. AurreanBaina pozik egoteko arrazoiak baditu olaztiarrak. Rallyan 100 ibilgailu zeuden irteeran, tartean Suzuki Swift kopako 16 pilotuak, eta 76 heldu ziren helmugara, rally gorabeheratsua izan zelako, istripu askorekin. Irabazleak Enrique Garcia eta Jordi Barrabese izan ziren, Peugeot 207 S2000 ibilgailuarekin (1:21:35.6). Suzuki Swift Kopako irabazlea, alde handiarekin, Escuderia Hamaikako Gorka Antxustegi eta Unai Etxebarria izan ziren (1:35:39.7). Iban Lopez de Goikoetxea eta Javier Goikoetxea sailkapen orokorrean 56.ak heldu ziren eta Kopan seigarrenak sailkatu ziren (1:38:08.8). Eta postu hobea lortu ahal izan zuten. "Azken bi tramuak egiteko prest geunden, eta orduan laugarrenak ginen sailkapenean. Ekaitza ari zuela esateko hots egin zuten proba jarraitzen ari ziren sakandar batzeuk. Gainontzeko pilotuak gurpil lehorrekin aterata zeuden jadanik, eta guk euritakoak jartzea erabaki genuen. Gu tramura heldui ginenerako euria gelditu zen eta euritako gurpilak izanagatik denbora galdu genuen. Estrategia gaizki atera zen baina nolanahi ere pozik nago egindako lanarekin. %80an arituta emaitza hori lortu badugu autoa hobeki prestatzearekin aurrean egon gaitezke" dio Ibanek ilusioz, proba jarraitzera Kantabriara joan ziren sakandarren esfortzua eskertuz. Momentuz olaztiarraren nahia bete da: gainontzeko pilotuekin baldintza berberetan lehiatzea. Larunbatean LekunberrinEspainiako Rally Txapelketako hurrengo proba ekainaren 21ean eta 22an jokatuko da, Ourensen. Bitartean, autoa prestatzeko larunbatean, maiatzaren 24an, Lekunberrin jokatuko den 13. Rallye RAC Navarran lehiatuko da Iban. "Taldeak, Ziordi Sportek, autoari kilometroak egin, suspentsioaren erreguladoreak behar bezala jarri eta autoa puntuan jartzeko bertan aritzea gomendatu dit eta hala eginen dugu" dio pilotu olaztiarrak. Proba honetan Ruben Lapuente kopilotuaren laguntzarekin lehiatuko da Iban Lopez de Goikoetxea. Lekunberriko Rallye RAC Navarran 13:00ean abiatuko da lehen autoa. Kronometratutako bi tramu izanen dira (Leitza-Urritzi-Gorriti eta Irurtzun-Alli, Madotzeko igoera tartean). Tramu bakoitzari hiru pasada eman beharko dizkiete pilotuek. Guztira 6 tramu izanen dira, eta kronometratutako 61,08 km. Informazio gehiago http://www.racvndeportes.com/rallyes/RACNavarra2008/index.htm web gunean jaso daiteke.