Lan uzteak Apoyos Metalicos lantegian

Guaixe 2008ko maiatzaren 29a

Langileen ordezkariek adierazi digutenez, iaz bukatu zen enpresa paktua. Langileek abenduan haien eskaerak jasotzen zituen agiria aurkeztu zioten enpresari, baina aldeen arteko lehen bilera martxora arte ez omen zen egin, "eta hori ere, lan uzteen mehatxua egin genuelako". NegoziazioaLangileen batzordeko kideek jakinarazi dutenez enpresarekin 5 bilera egin dituzte eta "guztietan enpresak eskaintza bera aurkeztu du". Enpresaren eskaintzaren aldaketak metalaren Nafarroako hitzarmena sinatu eta gero etorri direla nabarmendu dute langile ordezkariek. "Hasieratik asmo hori bazuten esatea zuten", kexu azaldu dira langileak. 4 urterako lan hitzarmena eta urtero soldata kontsumo prezioen indizea (KPI) +%1,5 igotzea proposatu die zuzendaritzak langileei. Soldata KPI +%3,5eraino igotzeko aukera jasotzen du enpresaren proposamenak, beti ere, lanera ez agertzeak eta produktibitatea kontuan izanda. Langileen ordezkariek negoziazio mahaira eraman dituzten eskaerak "txikitu" egin dituzte. Lau urteko lan hitzarmenarekin batera KPI +%4ko soldata igoera eskatu dute. Horrekin batera, lau urteko aldi horretan lanaldia 45 ordutan murriztea eskatu dute langileek. Haiek esan digutenez "enpresa ukatu egin da, dagoeneko metalaren lan hitzarmenak baino ordu gutxiago sartzen ditugula esanez". Apoyos Metalicoseko enpresa batzordea ELAko eta LABeko bina kidek eta CCOOko kide batek osatzen dute.